Adolfo Muñoz: “Gizarteko eztabaida irabazita dago; politikoa ez, kalean gertatzen denari entzungor egiten baitiote”
ELAko idazkari nagusiak, Adolfo Muñozek, Bilboko manifestazioan hartu du parte. Bere hitzaldian gaurko egunean zehar mobilizatu diren milaka eta milaka lagunak eskertu nahi izan ditu.
Hau izan da bere parte-hartzea
2012-9-26KO GREBA OROKORRA. MITINA
Adolfo Muñoz: “Gizarteko eztabaida irabazita dago; politikoa ez, kalean gertatzen denari entzungor egiten baitiote”
EGITEN ARI GARENA AINTZAT HARTU BEHARRA. Botereak gure jendea beldurtu egiten du, gizartean protesta eragotzi eta horrela bere politika errazago inposatu ahal izateko. Hori klase politikoaren babesaz egiten du. Hala da, kapitala gustora dago: elite politikoak bere esku ditu, zerbitzari leial moduan, eta gu kokoteraino gaude. Gizarte desitxuratua eta indibidualismo basatia ezarri nahi digute. Eraso latza antolatu dute horretarako.
Greba hau antolatu dugun sindikatu eta gizarte-mugimenduoi, zuekin batera -jokoan zer dagoen badakien jendea- defentsa antolatzea dagokigu; geure defentsa. Defenditzen eta egiten ari garen horretan sinesten dugu; badakigu eskubideak konkistatzeak zer lan ematen duen, eta zeinen erraz suntsitzen dituzten; horregatik erabaki dugu gure erantzukizuna aintzat hartu eta beste aldera ez begiratzea.
Defentsa hori antolatzeko elkarren beharra dugu. Ezinbestekoa da elkarrekin lan egitea, egiten ari garen lanari jarraipena ematea. Azaldu behar dugu kentzen ari zaizkigun eskubide horiek borrokaren emaitza izan zirela; borrokarik gabe politikak ez dauka kontu sozialei garrantzia eman beharrik. Elkarren beharra dugu gure alternatiba soziala azaltzeko eta gizartean hedatzeko, baita mobilizazioekin jarraitzeko ere.
Garrantzitsua da neoliberalismo politiko eta ekonomikoari inongo babesik ez ematea gizartea pobretzeko bere asmoetan. Ez dugu burokraziarik eroso egotea nahi; erantzun sozialak exijitzen ditugu, izan ere, gehienok pobreago izatea nahi baitute.
ZER DATORREN AZALDU. Klase politikoak, gainera, zer datorren ezkutatzea erabaki du. Zatika egiten dute, jendeak sinets dezan “azken neurriarekin beste ezeren beharrik ez dela izango”. Hori da Portugalen eta Grezian daramaten bidea. Zapateroren lehen murrizketak 15.000 milioi euro izan ziren; gero beste 35.000 gehitu ziren, eta 50.000 aurrerago. Uztailean, 102.000 milioiko murrizketak erabaki zituzten. Etengabeko mozte honek hondamendi sozialera garamatza. Klase politiko hau ez da inozoa; aitzitik, harrapaketan beharrezko konplize bihurtu da. Drama soziala begibistan izanda ere, ezer gertatuko ez bailitzan jokatzea erabaki du. Guk, ordea, ez diegu bake sozialik oparituko, ez politikari, ez botere ekonomikoari.
Aldeak alde, gaurkoak 2009an bizi izan genuen egoeraren antza du. Botereak ez du nahi jendeak jakiterik zer datorren. Astakeriak egin dituzte, eta guk badakigu askoz ere gehiago egingo dituztela. Badakigu, adibidez, espekulatzaileei interesak gehitu ahala zor publikoa ordaintzeko behar den dirua pentsioetatik eta langabezia prestazioetatik kenduko dutela. Hala da; orain pentsioen beste erreforma gogorra datorkigu. Gezurti horiek hauteskundeen egunak oso kontutan izaten dituzte (horrek besterik ez ditu kezkatzen), eta horien arabera esku artean dituzten erabakiak plazaratzeko unea atzeratzen dute.
EUREN POLITIKAK LAU ARDATZ DITU: Helburua da gure poltsikoetatik kapitalaren eskuetara diru gehiago nola pasa arazi, hots, metatutako kapitala nola handitu. LEHEN ARDATZA: lana deshumanizatzea; babes eta berme publiko guztiak ezabatzen dira, gu salgai bihurtzeko eta gure defentsa kolektiboa ahultzeko. Zein da helburua? Enpresen irabaziak handitzea. BIGARREN ARDATZA: murrizketa sozial lazgarriak, dirua gizarte-gastutik hartu eta zor publikoarekin espekulatzen dutenei emateko. HIRUGARREN ARDATZA: Zerbitzu publikoak pribatizatzea, gobernuen lagunei negozio aukera gehiago irekitzeko. LAUGARREN ARDATZA: Eskuinak, betiko eskuin zaharrak, boterea bere eredu ideologikoa gauzatzeko baliatzen du. Eskuinak eredu ideologiko garbi bat baitu. Eta esparru guztietan inposatzen saiatzen da. Esaterako, hezkuntza sisteman, doktrina neoliberala eta euren Espainiaren kontzeptua hedatzeko. Eta, noski, euren helburuei aurre egiten dieten erakundeak ahultzeko ahalegina eginez, gizartea desegituratu eta indibidualismo basatia, oihaneko legea, nork bere lepoa salbatzea... hori dena ezartzeko.
BEREN ERABAKIEK ekonomia errealaren KOLAPSOA dakarte. Politika guztiek porrot egin dute, baina halere horiekin tematzen dira. Ez die axola. Ez baitie inporta enpleguak, ezta pobreziak ere. Ez dago krediturik, eta ez da egongo. Langabezia itzela dago, eta are gehiago haziko da oraindik. Kapitalen ihesa ikusita ez dute ezer egiten. Zerga bilketa gutxitzen ari da, baina ez daude erreformarik egiteko prest: ez dizkiete kendu nahi errenta altuei, enpresei eta kapitalari egindako opari fiskalak, eta are gutxiago iruzur fiskala borrokatu. Aldundi batek ere ez du horrekiko ezer egin, ezta gizartearen parte hartzeari aukerarik eman ere; ez dute ezer egiten, eta alfonbra gorria zabaltzen dute patronalak soldatei eta lan-baldintzei eraso diezaien.
NON DAGO PATRONALA? Ugazabek diote ekonomia errealaren, hots, gure lanpostuen oinarriaren, egoera txarra “kalte kolateral” bat dela. A zer sarkasmoa eta hipokrisia! Izan ere, patronalak bankuen ERRESKATEA defenditzen dute, baina behar gorrian egonda ere, ekonomia errealak diru hortatik zentimo bat ere ez du ikusiko. Patronala lobby bat besterik ez da; erakundeetan oso ondo kokatuta dago, diru publikoz finantzatzen da, eta Trojako zaldi moduan jokatzen du eskubide sozial guztiak barnetik txikitzeko. Badakienez uzta biltzeko garaia dela, bere xede bakarra xantaia egitea da. Noiz esango ote dio politikariren batek lobby antisozial honi ASKI DA?
INPUNITATEA. Alemanian ospe handiena duen aldizkariak, DER SPIEGELek, azalean hainbat buruzagi politiko atera ditu: “zerbitzari publiko” izatetik “arlo pribatuan aberastera” pasa dira, bankuetan eta enpresa handietan lan eginez; zinez, egindako mesedeen ordaina jasotzen ari dira. Astekariak dio publiko-pribatu korapilo hori dela hein batean alderdien politikaren arrazoia. Estatu espainiarraren kasuan, berriz, menpekotasuna eta inpunitatea bermatzen ditu. Bertoko komunikabideei dei egiten diegu Alemaniako aldizkariak bezala egin dezatela: eman dezatela politikaren eta mundu ekonomikoaren arteko loturen berri. Nori buruz ari garen ez badakite, guk emango diegu argibideren bat. Zergatik ez dute oraindik gertatutako guztiaren ardura duen inor auzitara eraman? Argi dago: botere politikoaren konplizitatea medio. Ez dago beste azalpenik. Botere politiko honek, Europako beste inongo estatutan ez bezala, epaileak kendu eta jartzen ditu, auzitegietako mailarik gorenetan babestuta egoteko.
BITARTEAN, PREZIOAK GORA. Gure soldatak gero eta urriagoak dira; inflazioarekin ez daukate zerikusirik. Hori bai, prezioak batez ere non igo dira? Higiezinen espekulazioari esker irabazitako dirua barra-barra dabilen arloetan. Esaterako, sektore elektrikoan: Tarifa azken 10 urteotan %86 hazi da. Hori bai dela zaldi irabazlearen alde egitea! Noski, enpresa hauetako kontseilari-ordezkariak Moncloako, Ajuria-eneko eta Moderna Planeko aholku-batzordeetan daude.
POLITIKAK HONDAMENDI SOZIAL HAU ETORKIZUNEAN ERE BABESTUKO OTE DU? Hala izan ez dadin ari gara mobilizatzen. Gauza bat exijitzen diegu, ez dezatela amore eman. Kaletik datorren aldarrikapena entzun dezatela... Politikarekin goitik behera desberdina den harreman dialektiko bat izan nahi dugu, sistemak politika instituzionalari ezartzen dizkion muga estuetatik haratago... planto egin eta ASKI DA esatea nahi dugu.
ZERGATIK ESATEN DUGU HAU? Espainiar estatuan politika neoliberalak bateratzeko sistema bat dago. IRUZUR BAT PRESTATU DUTE zor pribatua publiko bihurtzeko, eta hartara murrizketa sozialekin ordaintzeko. KONSTITUZIOAN ALDAKETA SARTU DUTE; estatu-kolpe antisoziala, PSOEk mahairatu eta ultraliberalek txalotua. Zera publikoaren helburua aldatu dute. PSOEko norbait damutu al da Konstituzioan sartu duten lehentasunagatik? Beharrizan sozialen gainetik espekulatzaileei ordaintzea jartzeagatik? Izan ere, erreforma hori baita PPk gaur ezartzen dituen murrizketen oinarria. AURREKONTUEN EGONKORTASUN LEGEA onartu dute defizitaren obsesioa administrazio guztiei inposatzeko (hala, Gasteizkoak eta Iruñekoak onartu dute). Eta zirkulua ixteko, Zapaterok zein Rajoyk OINARRI-LEGEAK, lege basikoak, egiten dituzte besteei esateko zer egin behar den.
Zer pentsa arazten dio honek euskal klase politikoari? Guztiek berdin jokatuko al dute? PPren aginduak beteko dituzte?... Sinesgarri izatekotan, krisi honentzako alternatiba politiko eta sozial batek bide bakarra du: DESOBEDIENTZIA. Ez dago beste aukerarik. Neurri horiek ukatzen badituzte -benetan egin ere- eurekin bat egin eta erabaki politiko irmo hori babestuko dugu; une honetan horrelako jarrerak ezinbestekoak dira oso egoera latzak bizi dituen jendearentzat.
Gaur auzi soziala politikarentzat aukera bilakatu da. Ez hauteskundeetarako kalkuluetan erabiltzeko, sinesten duelako baizik, jakinik neoliberalismoaren aurka benetako krisi politiko bat piztu behar dela. EZETZ esatean lortzen da sinesgarri izatea. Desobedientziarik gabe, harrapatuta geratuko dira; besteren erabaki politiko injustuak ezartzen dituzten borrero gisa jokatuko dute. Eta ondo dakite horrela ezin dela sinesgarri izan. Ezin da sinesgarri izan alternatiba politikoa kontu praktikoetan gauzatzen ez bada. Ez du balio batzuk besteei “pase forala” erabiltzeko eskatzea, agintzen duten erakundeetan inposizioak onartzen diren artean. Lege injusturik ez da bete behar.
Desobedientziarik gabe, datozen hauteskundeetatik ateratzen den Lehendakariak Rajok erabakitako murrizketak aplikatzea besterik ez du egingo. Propaganda egiteko diru asko erabiliko du -Lopezek egin duen bezalaxe-, baina azken berrogei urteetako politikarik antisozialena ezarriko du. Rajoyk badaki hau, baita lehendakaritarako hautagai guztiek ere. Kontua da... zer egiteko asmoa duzue? Harrapaketan laguntzaile izango zarete? Greba orokor honen helburua, mobilizazioaren helburua, hori eragoztea da.
MOBILIZAZIOA. Sistemak, eurek, diote, mobilizazioak ez duela ezertarako balio. Gezurra. Eskubideak lortzeko prozesuak luzeak eta gatazkatsuak izaten dira, eta eskubideak suntsitzeko, berriz, abaila bizia hartzen dute, oraingoan bezala, krisia eta langabezia baliatuz. Gaur defentsan jokatzeko unea dugu. Eta horrela jokatuz, Portugalgo herritarrek gobernuaren planak geldiarazi ditu: gizarte-segurantzako kotizazioak medio soldatak %7 jaitsi eta enpresei %6 oparitu nahi zien.
Zerbaitetan sinesten duzu? Eutsi, bada, elkar hartu zure kidekoekin eta aurre egin gobernuei eta kapitalari. Gure ustez, demokrazia eta gatazka soziala eskutik doaz. Borrokarik gabe ez dago emaitzarik. Eurek izua zabaltzen dute, gizartearen protesta isilarazi nahian; eta gu horren aurkako borrokan ari gara. Zein da euren indarra, beldurra ez bada? Zer da boterea beldurrik gabe? Ezer ez. Mobilizazioa ezinbestekoa da emergentzia-galga emateko. ASKI DA esateko. Mobilizazio horrekin jabetu behar dute politika neoliberalei eta hauek aplikatzen dituztenei muzin egiten diegula. Neoliberalismoak inon ez du krisirik konpondu; aldiz, kontrakoa lortu du, herriak hondoratzea.
Elkarrekin lan egiteko borondatea berretsi beharra dago. Elkarrekiko estimu handia izan behar dugu; elkarren beharra dugu. Arerioa oso indartsua da. Kapitalismoak fase ultraliberal honetan ez du traturik egin nahi, ez dago ezertan amore emateko prest; inposizioz jokatzen du, uste baitu horrela gehiago lortzen duela. Eta basatia da. Ez dago erdibiderik: eurak eta euren diru-gosea ala gu eta gure duintasuna; banako eta kolektiboaren duintasuna.
“Eskubideak irabazteko borroka egin behar zenean, borrokatu nintzen. Erreibindikazioak zuzenean ez ziren niretzat, baina borroka egin nuen. Lortutakoa defenditzeko borroka beharrezkoa izan zenean, borroka egin nuen”.
Zer exijitzen dugu? LANA, duintasunez bizitzeko. Lantzeko LURRA. Bizitzeko ATERPE bat. Goserik ez izateko JATEKOA. OSASUNerako eta HEZKUNTZArako eskubidea. ZERBITZU PUBLIKO unibertsalak eta enplegua galtzen dutenen beharrizanak duin osatzeko GIZARTE-PRESTAZIOAK. Benetako DEMOKRAZIA, gauza publikoetan parte hartzeko aukera ematen duena. USTELKERIA amaiaraztea. Eta JUSTIZIA, letra larriz idatzitako justizia, tresna menperatzaileak ezabatzeko.
Horretan sinesten dugu; horregatik gaude hemen, eta eutsi egingo diogu.
Adolfo Muñoz Sanz “Txiki”
Bilbo, 2012ko irailaren 26a