JAI EGUNETAN ZENTRU KOMERTZIALAK IREKITZEKO DEKRETUARI EZETZA

2004/12/10

ELA sindikatuak zenbait alegazio aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzak merkataritzako ordutegien erregulazioa zehazteko bidali berri duen dekretu proposamenari.

1.Harritzekoa egiten zaigu, erabat, Madrilgo gobernuaren lege proposamenaren aurrean Gasteizkoak mantentzen duen jarrera. Merkataritzako ordutegien erregulazioa zehazteko eskuduntza Erkidego autonomoena da. Beraz, Madrilgo gobernuak eskuduntzak bereganatzeak eta Eusko jaurlaritzak honen aurrean jarrera erabat pasiboa mantentzeak ez dugu ulertzen. Are gehiago, gobernuaren erabakia, Madrilgo gobernuaren legea garatzea da dekretu bidez. Autogobernuaren aurkako beste eraso baten aurrean gaude eta berriro ere Euskal gobernuaren jarrera oso modu negatiboan baloratzen dugu.

2. Orain arte Euskal erkidego autonomoan, estatuarekiko erabat desberdina izan den merkataritzako ordutegien errealitatea ezagutu dugu. Hemen, autoerregulazioaren bitartez, enpresari txiki eta ertainen, langile eta kontsumitzaileen eskubideak bermatuak izan dira. Baina proposamen honek errealitate hori aldatzea du helburu eta aldaketa honek galera haundiak ekarri ditzazke sektore guztiarentzako. Alde batetik, 8 jai egun eta igandeak irikitzeak lan postu galerak ekarriko ditu. Bestetik, merkataritzan lan egiten duten langileen lan baldintzen okertze nabaria eta kontsumo arduragabea bultzatzea. Ez gaude gizarte eredu honen alde, non hiritarrak soilik kontsumitzaileak dira eta hauengandik etekinak lortzea da helburu bakarra. Beraz, gure eskaera zera da, Eusko Jaurlaritzak, bere eskuduntzen aplikazioan legeztatu dezala Euskal gizarteak eskatzen dion bezala, hau da, jai egun eta igandeetan irekitzeko posibilidadea ekidituz.

3. Honekin batera, dekretu proposamenean zein egunetan ezin den ireki azaltzen da soilik. Beraz merkatari haundiek edozein igande eta jai egunetan irekitzea erabaki dezakete eta beraien denden irekiera egunak errotatuz, lurralde bakoitzean beti egon daiteke merkatal gune haundi bat zabalik. Egoera honek, merkatari txikientzako ikaragarrizko galera ekarriko du etorkizunean.

Beraz arrazoi hauetan oinarrituz industria, merkataritza eta turismo sailari, dekretu proposamen hau bertan behera uztea eskatzen diogu. Honekin batera merkataritzako langileei eta enpresari txiki eta ertainei babesa emango dien lege bat aurkeztea, jai egun eta igandeetan irekitzeko posibilidadea ekidinez. ELAtik ukanbehar hauek betetzen ez dituen edozein legearen aurka egongo garela azaltzen dugu. Merkataritzako euskal langileek urteko borrokatan lortu dituzten onura sozialak mantetzea da gure helburua, beraz jaso dezala sail horrek proposamenaren gure balorazio guztiz negatiboa.

Bilbao, 2004ko abenduaren 10an