Jantokietako grebalariek 1.500 ordezkarien elkartasuna jaso dute

2011/05/24
Jantokietako langileek laugarren greba asteari ekin diote. Aurreko asteetan bezala, greba deialdiak erantzun zabala izan du sektorean, bereziki Gipuzkoako eta Bizkaiko ikastetxe publikoetan. Maiatzaren 24an ehunka ordezkari sindikalen elkartasuna jaso dute grebalariek, eta 1.500 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Bilbon egindako manifestazioan.

Manifestazioaren amaieran langileen ordezkariek aipatu dutenez, “sektorearen argazkia oso argia dela: emakumeak eta lanaldi partziala eta prekarioa dutenak”. Era honetan, lan-ezegonkortasunarekin batera orduen murrizketa salatu dute. “Nahiz eta jantokiaren zerbitzua erabiltzen duten ikasle kopurua urtero goraka doan, gero eta lan ordu gutxiago egiten ditugu. Gure lehia ez da bakarrik lan-baldintzak hobetzea. Gure lehia egunero egiten dugun lana duintzea da. Milaka neska-mutilek egunero jasotzen duten zerbitzu bat hobetzea nahi dugu... Zor zaigun aitortza izatea eskatzen dugu, gu ere irakaskuntzaren parte baikara”.

“Erabaki politikoen ondorioz azpikontratatutako langileak gara. Erabaki politikoen ondorioz, gure lan-baldintzak beren plantillak dituztenak baino okerragoak dira. Prekarietatea, lanordu eskasak, kolokako enplegua, gure eguneroko ogia dira”, azpimarratu dute.

ELA, LAB eta UGT sindikatuetako ordezkarien arabera, enpresen kezka bakarra etekinak lortzea da, eta Eusko Jaurlaritzarena, gizarte-gastua gutxitzea.“Hori da lehentasuna, eta ez kalitatezko zerbitzua edota erabiltzaileen ongizatea”.

Aurreko egunetan bezala negoziatzeko prest agertu dira langileak. “Eusko Jaurlaritzak dagokion ardura bere gain hartu behar du. Ezin die babesa eman gatazka amaitzerik nahi ez duten enpresei”, esan dute. Auzolagun, Baska, Gasca, Eurest, Tamar, Goñi, Magui enpresei bota diete egoeraren errua.