Jarraipen zabala ELAk bakarrik deitutako Arabako Esku-hartze Sozialaren sektoreko bigarren greba egunean

2022/06/21
Bihar beste greba egun bat dago deituta, oraingoan ELA, CCOO, LAB, UGT eta ESK sindikatuek deitua, hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko eta erosteko ahalmenari eustea bermatuko duten soldata igoerak lortzeko.

Arabako Esku-hartze Sozialaren sektorean bigarren greba eguna egiten ari dira gaur, guztira hiru egun daude deituta. Gaurko deialdia ELAk egin du, eta beste bi egunetan ELAk, CCOOk, LABek, UGTk eta ESK-k. Nahiz eta gutxieneko zerbitzuak inposatu, gaurko greba eguna jarraipen handia izaten ari da, eta nabarmentzekoa da, besteak beste, Eraikibide, CAU Ibaia, Bideberri eta Hazaldi zentroetan izandako eragina.

Sektore honetako langileak 2021eko urritik AISA patronala ezartzen ari den blokeoa hausteko mobilizatzen ari dira. Patronalak plantillak pobretu nahi ditu KPIaren azpiko soldata igoerak ezarriz, eta oraindik ez die beste hobekuntzarik egin lizentzien eta baimenen arloan, lanaldiaren murrizketan edo bajen soldata osagarrietan.

ELAk argi du hitzarmenak esku hartze sozialeko langileen erosteko ahalmena bermatu eta lan baldintzak hobetu behar dituela, eta horretarako mobilizazioak eta greba beharrezkoak direla. Gaurko egunean, Babesgabeen plazatik irten den hileta martxa bat egin da KPIaren heriotza dela eta. Arratsaldean, langileak 18: 00etan daude deituta Gasteizko Plaza Berrian, mobilizazio zaratatsu bat egiteko.