Jarraipen masiboa izan du Bizkaiko metalgintzako lehen greba egunak

2022/06/23
ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek Bizkaiko metalgintzan deitutako hiru greba-egunetako lehenak jarraipen masiboa izan du. Greba arrakastatsua izan da enpresa garrantzitsuetan, besteak beste, honako hauetan: Sestaoko ACB, Nervacero, Tecuni, Petronorreko kontratak, Arteche, Gestamp Bizkaia, CIE Taldeko enpresa, Bruss edo Elecnor. Ehunka lagunek parte hartu dute pikete informatiboan lehen ordutik. Eguerdian manifestazio handia egin da Bilboko kaleetan, eta bertan 15.000 pertsona baino gehiago izan dira, aberastasuna banatuko duen hitzarmena eskatzeko. Hurrengo greba egunak ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean izango dira.

Aldarrikapen nagusien artean honako hauek daude: subrogazioa jarduera guztietara zabaltzea; prekaritatearen eta behin-behinekotasunaren aurkako neurriak; lanaldi-murrizketa; edo emakumeek sektorean jasaten duten diskriminazioaren aurkako neurriak. Gogorarazi dute lan-karga handia dutela, eta enpresek uko egin diotela aberastasuna modu justuan banatzeari, onura handiak dituzten arren. Hori guztia langileek KPIaren etengabeko gorakada pairatzen ari direnean.

Patronalak negoziazioa blokeatu duenez, metaleko sindikatuek inoiz baino beharrezkoago ikusten dute mobilizazioa. Sektorea prest dago datorren astean beste bi greba egiteko.