Jarraipen zabala Bizkaiko erresidentzietako laugarren greba egunean

2022/05/30
Bizkaiko egoitzetako langileek manifestazio zaratatsua egin dute laugarren greba egunean Gizarte Ekintza Sailaren egoitzatik Foru Aldundira, bere inplikazioa eskatzeko patronalek hitzarmenaren negoziazioan duten planteamendu atzerakoiaren aurrean. Aurrerapenik ez badago mobilizazioak eta grebak areagotuko ditu ELAk.

Bizkaiko egoitzetako langileek manifestazio zaratatsua eta jendetsua egin dute Ugasko plazatik (Bilbon dagoen Gizarte Ekintza Sailaren egoitzatik) Foru Aldundira, hitzarmenaren negoziazioan parte har dezaten eskatzeko, laugarren greba egunarekin bat eginez. Grebaren jarraipena oso zabala izan da, inposatutako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan arren ( %80 ingurukoak praktikan).

Langileek urte eta erdi baino gehiago daramate hitzarmenik gabe, lan karga onartezinak dituzte eta langile faltagatik esplotazio baldintzetan daude, egoiliarren mendekotasun premiei erantzuteko ratio eskasak dituztelako. Horren aurrean, honako hauek dira aldarrikapen nagusiak: plantillen erosteko ahalmena bermatzea, kontziliazio gaietan hobekuntzak egitea, lan osasunaren arloan hobetzea, berdintasun planak egitea, langile gehiago kontratatzea, lehen egunetik ordezkapenak egitea eta enpleguaren egonkortasuna lortzea.

GESCA, LARES eta ELBE patronalek proposamen erregresiboak baino ez dituzte aldiz, eta negoziazio mahaiak 10 bilera egin ondoren, ez da berriro deialdirik ere egin. Patronalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak defendatzen duten eredua honako hauek dira: soldatak izoztea, lehen egunetik langileak ez ordezkatzea, enplegua ez finkatzea, lanaldi partzialak mantentzea, eta berdintasun planak edo lan osasuneko gaiak ez lantzea.

Egoera horren aurrean, ELAk sektoreko langile guztiak mobilizatzen jarraitzera animatu ditu, arreta eta zaintza hobetzearen aldeko eredua aldatzearen alde, horretarako bideratutako lan baldintzen hobekuntzei erantzuna emango diena, eta, behingoz, enpresei etekina alde batera utziko diena langileen, senideen eta egoiliarren onuragatik.