Lemoako garbiketa eta lorezaintza

Jarraipen zabala grebaren lehen egunean

2023/04/03
ELAk apirilaren 3tik 15era deitutako grebarekin bat egin dute herriko garbiketa eta lorezaintzako langile finko guztiek.

Gaur, apirilak 3, Lemoako Udaleko azpikontratetako lorezainek eta garbitzaileek lehen greba eguna hasi dute. Guztira 7 greba egun deitu dira, apirilaren 3tik 15era.

Lorezainek urte asko daramatzate estatuko hitzarmenaren babespean. Hitzarmen guztiz miserablea. Garbitzaileek, berriz, eraikinak eta lokalak garbitzeko hitzarmen probintzialaren pean daude, hori ere miserablea Izan ere, urteko soldatak 17.000-19.000 euro gordin ingurukoak dira.

Langileek urteak daramatzate Udalarekin hitz egiten, pleguko dirua handitzeko eta azpikontratatutako enpresekin lan eta bizi baldintzen hobekuntza negoziatu ahal izateko.

Udalaren etengabeko arbuioaren aurrean, langileek 2022ko udan grebara joatea erabaki zuten. Orduan, udalak jarrera aldatu eta udazkenean proposamen bat aztertzea erabaki zuen. Greba gelditu egin zen proposamen horren zain, eta otsailera arte atzeratu zen, proposamen itxi batekin: 19.500 euro langile guztientzat.

Eskaintza horren aurrean, langileek 7 greba egun deitzea erabaki dute, eta gehiago izango dira konpontzen ez bada. Plantillak Ugao-Miravalles udalerriko akordioa hartzen du erreferentziatzat. Herri horrek biztanle berberak ditu, eta lorezainak eta garbitzaileak batu egin ziren soldata % 26 baino gehiago handitzeko.