Jarraipen zabala izan du Administrazio Orokorrean 4.500 behin-behineko langile kontsolidatzeko aurrera eraman den 4 orduko lanuzteak

2022/04/12
Gaur, apirilak 12, Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan (Osalan, Lanbide, Ibaiondo) ELA sindikatuak eta Interino_taldeak deitutako lanuzteak langileen artean jarraipen zabala izan du. Horrela, esparru horietako langileek goizeko 10etan beraien lanpostuak uztea erabaki eta lanuztearekin bat egin dute, Lakuan egindako hainbat ekintzatan parte hartuz.

Lanuztearen jarraipenak argi erakusten du Eusko Jaurlaritzak orain arte egindako proposamena langileek ez dutela ontzat ematen, ez plazei dagokienez, gutxienez 900 falta direlako, ezta jarraitu beharreko prozesuaren inguruan ere, urte luzez behin-behineko langile izandakoen lanpostua arriskuan jartzen baitu.

ELAren ustez, langileek sindikatuak helarazitako proposamenarekin bat egiten dute. Proposamen honek zera eskatzen dio Gobernuari:

  • Urteetan zehar hartu dituen erabakien ondorioz eremu honetan dagoen % 57ko behin-behinekotasunarekin amaitzeko erabaki irmo hartzea.

  • Bide horretan, esparru honetako behin-behineko langileak kontsolidatzeko salbuespenezko prozesu bakarra sindikatuekin adostea. Horretarako, 4.500 plazako kontsolidazio prozesua eskaintzea.

  • Prozesu hori bermatzailea izatea. Horretarako, ahalik eta plaza gehien meritu lehiaketara ateratzea. Eta bestalde, baztertzaileak ez diren eta administrazio honetan dagoen lan esperientzia erabakigarria den prozesuak izatea.

  • Aurretik, zerbitzu eginkizunetan lanpostuz aldatu diren langileak egonkortu behar dira. Horrela, betetzen ez dituzten lanpostuak prozesuan eskaintzeko.

  • Salbuespenezko kontsolidazio prozesu hau kidego eta eskala legea aplikatu baino lehen egitea.

ELA sindikatuak Olatz Garamendi buru duen sailari eskatzen dio behingoz langileei entzutea, proposamena errotik aldatzea eta langileek bat egingo duten proposamena ahal bezain azkar negoziazio-mahaira helaraztea. Horrela ez bada, sindikatuak langileekin kontrastatu eta adostu ostean, mobilizazio berriak iragarriko ditu.