Arabako erresidentziak eta etxebizitza komunitarioak

Jarraipen zabala izaten ari da hitzarmenaren aldeko greba

2024/04/25
Lehen hitzarmen probintziala eskatzeko greba egunean, langileek goizean elkarretaratze bat egin dute eta 18:30ean manifestazioa egingo dute Bilbo Plazatik abiatuta.

Gaur, apirilaren 25ean, Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektorean greba eguna dute. Orotara, 2019. urtean hasitako prozesu honetan, 33 greba egun egin dira Arabako sektorean; lan baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmen probintzialaren alde borrokan.

ELAk, sektorean ordezkaritza handiena duen sindikatuak, LABekin batera deitu du greba, erakundeen pasibotasuna eta enpresek negoziatzeko duten borondate eskasa direla eta. Langileek hitzarmena negoziatzeko mahaiak martxoaren 15etik jasaten duen blokeoa, enpresen borondate eskasa eta Arabako Foru Aldundiak sektoreko langileen baldintzak hobetzeko duen gelditasuna salatu dituzte.

Eusko Jaurlaritzak ezartzen dizkigun gehiegizko zerbitzu minimoek ez dute zapuztu grebaren jarraipena. Hala, nahiz eta greba egin dezaketeen langileak gutxi izan egoitza eta etxebizitza komunitario askotan, jarraipena zabala izaten ari da. Horrela, abenduko greba egunetako jarraipena hobetu dute gaur. ELAk oso positibotzat jotzen du sektoreko greba eguna, izan ere, oztopo guztiekin, lankide asko kalera ateratzea lortu dau bizi kalitate duina aldarrikatzeko.

Goizeko 11:00etan kontzentrazioa egin dute Andra Mari Zuriaren plazan. Bertan zenbait langileek haien esperientziak kontatu dituzte mahai inguru batean, sektorearen egoera prekarioa salatzeko. Arratsaldean, manifestazio nagusia egingo da. Plaza Bilbotik 18:30etan abiatuko da Aldundiako plazan amaitzeko.