Trapagarango udala

Jarraipen zabala izaten ari da soldata murrizketaren aurkako eta enpleguaren egonkortasunaren aldeko greba

2024/12/04
Plantillak, egonkortze prozesuen aurrean, LEP berrien deialdian edo langileen %20ko erosalamenaren galeran Udalak izan duen negoziaziorako borondaterik eza salatu du.

Trapagarango Udaleko langileak greban daude abenduaren 2tik. Oraingo honetan, gutxieneko zerbitzuek ez dute oztopatu langileen greba ahalmena eta eta langileen ia erdiak greba egin du.

Azken hilabeteotan, udala erabat desagertuta egon da eta horrek grebara mugitu ditu langileak. Enplegu publikoa egonkortzeko eta sendotzeko prozesuen aurrean eta horrek dakarren negoziazioetan desagertuta egon da, ez ditu OPE berriak deitu azken urteetan, beste gai askotan negoziatzeko borondaterik ez dauka, erosahalmenaren galeraren aurka ez du neurrik jarri ezta negoziatzeko aukerarik eman, lanpostuen zerrenda etenda dago, ez dauka dagoen behin-behinekotasuna murrizteko borondaterik, ezta hutsik dauden lanpostuak betetzeko, edo lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko.

Aurreko guztiaz gain, Udalak murriztu egin du lan baldintzak arautzen dituen akordioan jasotako soldata osagarri bat, aldi baterako osagarri pertsonala izenekoa. Udalak, neurri hori hartzeko, kanpoko legezkotasun txosten batetan onarritu da, osagarri hori legez kanpokoa dela dioena. Bitxia bada ere, egungo alkateak bere garaian akordio arautzaile honen eta aldi baterako osagarri pertsonal horren alde bozkatu zuen zinegotzien artean zegoela.

Alkatearen hitzetan, murrizketa honek urtean 116.000 euro gutxiago suposatzen ditu egun jasotzen duten langileen artean, eta langile berriek ez dute inoiz jasoko. ELAk salatu du eskubide urraketa hau erabaki politiko bat dela, juridikoki informe baten bidez estaltzen ari dena. Horregatik, negoziazio kolektiboa errespetatzea eta egun langileak pairatzen dituzten arazoen konpontzea exijitzen dio udalari.

Era berean, ELAk negoziaziorako deia egin dio Udalari, eta erosahalmenaren aurkako eraso hau eta eskubide urraketa hau etetea exijitzen dio. Udalak entzungor egin, eta argi utzi du ez duela borondate politikorik gaur egun dauden arazoei irtenbidea emateko, azken soldata murrizketa baino askoz haratago doazenak.

Azkenik, ELAk Udaleko langileen borroka azpimarratu eta etorkizunean mobilizazioekin eta grebekin jarraitzeko deia egiten die, konponbidea borrokaren bidez etorriko delako bakarrik.