Jarraipen zabala Osakidetzako Lehen Arretako greban

2022/04/08
Sindikatuek Osakidetzako Lehen Arretan gaur deitutako grebak jarraipen zabala izan du, inposatutako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan arren. Zentro askotan, jarraipena % 100ekoa izan da hainbat kategoriatan, eta zentro batzuek itxi ere egin behar izan dute. Osakidetzaren immobilismoa eta sindikatuen aldarrikapenei erantzuteko negoziatzeko borondaterik eza ikusita, ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek greba deitu zuten apirilaren 8rako Lehen Arretan, maiatzaren 16an ospitaleen eta osasun mentalaren sarean eta apirilaren 19tik 22ra Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan.

Gaur, grebaren lehen egunean, Lehen Arretan, grebaren jarraipena oso zabala izan dela azpimarratu dute sundikatuek. Osasun zentro askotan, grebaren jarraipena, hainbat kategoriatan, %100ekoa izan da. Zentro batzuk itxita egon dira, jendearentzako arretarik gabe, deialdiaren jarraipen masiboaren ondorioz bezeroarentzako arreta arloetako langileen artean, hala nola Arangoiti, La Merced edo Altamira Bizkaian, edo Aranbizkarra II, Gazalbide edo Valles Araban, eta Lazkaon Gipuzkoan. Aranbizkarra I, Irun Centro, Repelega edo Mina del Morro bezalako zentroetako medikuntzan, pediatrian edo erizaintzan jarraipena oso zabala izan da. Guztira, jarraipena %50 ingurukoa dela esan dezakegu.

Aldarrikapen egun honetan, Lehen Arretako langileek, herritarrekin batera, manifestazioak egin dituzte EAEko hiru hiriburuetan, 12:00etan, eta mobilizazio jendetsuak izan dira.
Zalantzarik gabe, horrek guztiak argi uzten du Eusko Jaurlaritzak azken hamarkadan aurrera eraman dituen murrizketa eta austeritate politiken eta baita planifikazio ezaren ondorioz ere, Lehen Arretak pairatzen duen gainkarga eta egiturazko desegitea. Arreta maila honen etorkizuna dago jokoan; izan ere, premiazko eta sakoneko konponbideak hartu ezean, egoerak okerrera egingo du datozen urteetan.

Greba arrakastatsua izan den arren, salatu behar dugu, beste behin ere, Eusko Jaurlaritza eta Osakidetza bera grebaren jarraipena oztopatzen eta minimizatzen saiatu direla, sistematikoki egiten duten bezala:

  • Lan Sailak emandako Gutxieneko Zerbitzuen Aginduak grebarako eskubiderik gabe utzi ditu kolektibo asko, gutxieneko zerbitzua plantillaren %100ekoa dela ezarri baitu: EAGetako langileak, larrialdietako langileak, kontaktuen jarraipena eta miaketa, lan-arriskuen prebentziorako zerbitzuak eta Prebentzio Medikuntza, eta txertaketa. Horrela, Osasun Larrialdiaren indarraldia bertan behera geratu bada ere, eta herritarrentzat ezarritako neurri gehienak altxatzen diren bitartean, Eusko Jaurlaritzak pandemiaren aitzakia erabiltzen jarraitzen du grebarako oinarrizko eskubidea oztopatzeko eta baita baliogabetzeko ere.

  • Hori gutxi balitz, aginduaren gehiegizko interpretazioa salatu behar dugu, bereziki ESI batzuen aldetik. Hala, aginduak larunbat bateko ohiko zerbitzua eman behar dela ezartzen duen arren, aurreko deialdietan gertatu zen bezala, ESI batzuek asteburuetan irekita ez dauden osasun zentroak irekitzeko agindu dute. Gainera, nahiz eta grebalariak ez direnak lanean egon, gutxieneko zerbitzuak betetzera behartu dituzte greba egin nahi zuten pertsonak. Hori guztia grebaren eragina minimizatzeko helburuarekin. Aldi berean, ESI askotan, grebaren eragin handia duten zentroetako pazienteen zita bertan behera uzteko agindua eman da, berriz ere grebaren eragina minimizatzeko eta erabiltzaileek protesta ez nabaritzeko.

  • Bestalde, grebaren jarraipena zenbatzeko orduan, Osakidetzak beti manipulatzen ditu datuak, eta, beraz, grebarekin bat egiteko aukera izan dutenen artean zenbat jendek egin duen greba adierazi beharrean (zerbitzu minimo gisa izendatutakoek ez daukate aukera hori), plantilla osoa hartzen du oinarritzat, nahiz eta jakin plantilla horren zati handi batek ezin duela greba egin. Datu errealak emateko eskatzen diogu Osakidetzari.

ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek dei egiten diegu Osakidetzari eta Osasun Sailari inposizioaren eta propagandaren bidea uzteko eta elkarrizketa eta negoziazioa berreskuratzeko, egiturazko eta sakoneko irtenbideak abian jartzeko. Lehen Arretak urteak daramatza desegitea eta lan gainkarga sistematikoa pairatzen. Gogora dezagun 2019an Lehen Arretak 3 greba-egun egin zituela jarraipen masiboarekin, eta kolektibo horren jarraipena ere masiboa izan zela otsailean deitutako bi greba-egunetan.
Bistan dago, ordea, Osakidetza ez dagoela prest grebara eraman gaituzten aldarrikapen bakar bati ere erantzuteko. Mahai Sektorialeko azkeneko bieleran, apirilaren 1ean egindakoa, Osakidetzak ukatu egin zituen Lehen Arretako plantillaren lan-baldintza eskasak, eta arreta-maila hori uzten duten langileek, prekarietate horrekin zerikusirik ez duen hautu propio batean oinarrituta egiten dutela esan zuen. Era berean, uko egin zion itxitako EAGak berriro irekitzeari.
Bitartean, aurreko egunean, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen 600 milioi euro aurreztu zituela 2021ean. Argi dago, beraz, osasun arloko inbertsioa ez dela lehentasunezkoa Jaurlaritzarentzat.