Jaurlaritza honek hitzartutakoa ere ez du aplikatzen
ELAko arlo publikoko hainbat ordezkarik gaur Lakuan itxialdi bat egin dute, salatzeko Eusko Jaurlaritzak bi aldeen artean hitzartutako akordioak ez dituela bete. Akordioak negoziatu eta adostu eta gero, ez dituzte argitaratu, ezta aplikatu ere.
ELAk sarri salatu izan du Jaurlaritzak negoziazio-mahaiak ez deitu izana, baina “larriena da mahai horietan hitzartu diren gaiak ez daudela konponduta, urtebete igarota ere”.
Jaurlaritzak hitzartu eta aplikatu ez dituen gai batzuk: 2011ko uztailean adostutako pertsonal laboralaren mugikortasun dekretua; langile laboralen lanpostu-zerrenda (2010eko urrirako amaitzekoa zena) eta funtzionarioen lekualdatze-lehiaketa, honez gero gauzatuta behar zuena.
Gai horietaz gainera, Jaurlaritzako langile-kolektibo eta banakoen ehundaka arazo konpontzeke daude, arduradun politikoek administrazioaren eguneroko kudeaketarako agertzen duten utzikeria edo gaitasun eza medio.