Jaurlaritza inoiz eman diren gutxieneko zerbitzu atzerakoienekin estrenatu da

2009/05/19
Aginduaren helburua greba egiteko funtsezko eskubidea mugatzea da.

Maiatzaren 21eko greba orokorra dela-eta bermatu beharreko zerbitzuei buruz agindu bat argitaratu du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako Sailak. Gobernu berri honen estraineko erabakia gutxieneko zerbitzuei buruz inoiz izan den agindurik atzerakoiena dugu.

Greba deitzen duten sindikatuen iritziz agindu horrek greba egiteko oinarrizko eskubideari muga estuak ezartzen dizkio, arrazoizkoak baino estuagoak alegia; aurreko greba orokor deialdien aldean gutxieneko zerbitzuak zeharo zabaltzen ditu, eta grebaren eragina gutxitu nahi du, indar gutxiago izan dezan.

Garraio sektorean zerbitzu eta maiztasunen %30 bermatu behar dela dio, orain arte %20a izan bada ere. Igoera honek ez dauka zerikusirik herritarrek greba orokorreko egun batean dituzten beharrekin, ohiko joan-etorriak asko gutxitzen baitira, administrazioak beste dekretu batzutan onartu izan duen bezala.

Bestalde, aginduan eguneko zentroak adinekoen egoitzen pare jarri dituzte. Ulertezina da parekatzea, igande eta jaiegunetan itxirik egoten baitira eta agindutik kanpo egon beharko lukete. Gauza bera egin dute etxeko laguntzarekin: jai egunetako ohiko zerbitzua baino handiagorako aukera zabaltzen da.

Are larriagoa da irakaskuntzari buruzko erabakia: Hasteko, lehenengo aldiz ezartzen dituzte gutxieneko zerbitzuak (orain arte liskarrik eta arazorik eragin ez duen kontua). Horrek frogatzen du aginduaren xedea greba boikotatzea dela.

Ez da onargarria haurreskoletarako erabili duten argudioa, hots, lana eta famili-bizitza bateratzeko aukera izan dezaten gurasoei haurrak eskolara bidaltzeko eskubidea zor zaiela. Eskubide horixe ukatzen zaion guraso asko eta asko dago, hain zuzen haurreskoletan toki gutxiegi dagoelako. Greba eguna ote da eskubidea aldarrikatzeko egokiena? Eta eskubide hori oporraldietan desagertu egiten al da?

Areago, haur- eta lehen-hezkuntzan lau ikasgelako irakasle batek egon behar duela dio aginduak, eta horrelakorik ez zen inoiz gertatu. Beraz, gauza ez da heziketa bermatzea, ikasleak zainduta egotea baizik, horrela gurasoak lanera joateko moduan izan daitezen. Irakasleei ere greba egiteko oinarrizko eskubidea ebasten diete, bigarren mailako kontu baten aitzakiarekin.

Eratu berria den Jaurlaritzaren erabaki honek greba egiteko oinarrizko eskubidea galarazi nahi du, eta ezarri diren gutxieneko zerbitzuak neurrigabeak izanik, deialdiaren hedapena eta eragina mugatu nahi ditu. Hasiera penagarria gobernu honentzat: “elkarrizketa soziala” aldarrikatu eta greba oztopatzeko gutxieneko zerbitzuak erabiltzen ditu.

Greba deitu duten sindikatuek Agindu honen kontrako helegitea sartu dute