Jaurlaritzak 51 kaleratze onartu ditu Ayra Cardan-en, CCOO, UGT eta LAB-en konplizitatearen

2009/12/30
Eusko Jaurlaritzak Itziarreko Ayra Cardan enpresak eskatutako espedientea onartu du; espediente horren ondorioz 51 langile kaleratuko dituzte. Ayra Cardan Dana multinazionaleko kide da.

Enpresak 51 langile horiek kaleratzeko asmoa agertu zuen 2009ko martxoan. Hala ere, langileen eta komitearen gehiengo baten irmotasunak enpresa atzera egitea behartu zuen.

Zoritxarrez, aste gutxi batzuk geroago multinazionalak beste espediente bat planteatu zuen. Kasu honetan, CCOO, UGT eta LAB sindikatuetako ordezkariak ados agertu dira 51 langileren kaleratzearekin.

Sindikatu hauek, funtsean, enpresaren planteamendu nagusiak jasotzen zituen proposamena egin dute; Eusko Jaurlaritzak hori erabili du koartada gisa espedientea onartzeko. Enpleguen galera ahalbidetzen duen ebazpenaren oinarria CCOO, UGT eta LAB sindikatuek multinazionalaren zuzendaritzarekin lortutako akordio tazitua da. Akordio honek kaleratzeak onartzen ditu, kaleratutakoen kopuru bat birkolokatzeko multinazionalak agertu duen ustezko konpromiso batean oinarriturik.

ELAren ustez, konpromiso hori 51 langileren kaleratzea justifikatzeko era bat da; akordioa betetzen ez badu enpresak ez du inolako zigorrik jasoko.

Langabezia gora doan testuinguru honetan, ebazpen honen aprobazioa oso albiste txarra da euskal langileriarentzat. Eusko Jaurlaritza multinazional baten interesen defentsan lerrokatu da, krisi egoera honetan ere helburu bakarra dirua irabaztea duen enpresa. Bitartean, 51 familiek euren etorkizuna zalantzez beterik ikusten dute, gutxi batzuen interesei begira agintzen duten politiko batzuen erruz.