SEKTORE PUBLIKOA

Jaurlaritzak erretiro partziala ukatuko die lan-kontratuko langile finkoei, 2010eko Mahai Orokorraren akordioa urratuz

2024/04/02
Funtzio Publikoko Sailburuordeak adierazi du -ELArekin bilera batean- legeak ezarritako baldintzak betetzen dituzten langile finkoei erretiro partziala ukatzen jarraitzeko asmoa duela (2024. urtearen hasieratik egiten ari den bezala). Eskubide hori gabe uzten zaie orain lan-kontratuko langileei, 2004tik mahai orokorreko akordioek eskubide hori onartzen dituzten arren.

ELAk Sailburuordeari adierazi dio ulergaitza dela bere jokabidea, eta soilik uler daitekeela langile publikoei eta haien ordezkaritza sindikalari xantaia egin eta diskriminatu nahi izatearekin, murrizketa-politika babes dezaten, baita erretiroaren arloan ere. Honetaz gain, beste behin ere, sinatutako akordioak ez dute betetzen.

Egoera honen aurrean, ELAk bi proposamen jarri ditu mahai gainean:

Lehenengoa, Gobernuak, 2010eko Mahai Orokorraren akordioan oinarrituta, erretiro partziala aplikatzea horretarako baldintzak betetzen dituzten langileentzat, azken urteetan egin duen bezala, 2024ko urtarrilaren 1era arteko atzeraeraginezko ondorioekin.

Bigarrena, gai horri buruzko akordio berri bat egitea:

  • Baldintzak betetzen dituzten eta hala egin nahi duten Eusko Jaurlaritzako langile guztiek (sozietate publikoak barne) errelebu-kontratua eta erretiro partziala eskuratu ahal izatea. Ez bakarrik langile finkoentzat.

  • Ordezkoak lanaldi osoko kontratua izatea, eta lanpostu hori inoiz ez amortizatzea.

    Partzialki erretiratutako pertsonaren benetako lan-denbora murrizten duten neurri guztiak aztertzea (ordaindutako lizentziak, erretiro-primak berreskuratzea...). 

  • Eusko Jaurlaritzako funtzionarioek eta estatutupeko langileek erretiro-adina aurreratu ahal izateko tresnak eta formulak artikulatzea, lanpostuak amortizatu gabe.

Gobernuak bere jarrerari eusten badio, erretiro partzialaren murrizketa, erretiro-sariei eta Itzarriri egindakoa gehituko die orain, lan-baldintzak hobetzea eskatuz langile publikoak masiboki kalera atera diren testuinguru batean.

ELAk ez du xantaia hau onartuko eta mobilizazioaren bidez eta epaitegietan borrokatuko du sinatutako akordioak berehala bete daitezen eta benetako negoziazio bat ireki dadin belaunaldi-erreleborako hobekuntzak sartzeko, besteak beste, kolektibo osoarentzako erretiro partziala eta erretiro aurreratua.