Jaurlaritzak ez du espetxeetako negoziazio mahaia deitu, langile falta izanagatik ere

2022/06/09
Espetxe eskumenaren transferentzia egin eta UGT-Acaip sindikatu minoritarioaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lan baldintzei buruzko aldi baterako lehen akordioa sinatu zenetik 8 hilabete baino gehiago igaro ondoren, espetxeetako egoerak okerrera egin du. Ez da betetzen aipatutako akordioa, eta ez dago langile guztientzako behin betiko lan baldintza berdinetarako negoziazio zantzurik. Zaballako langileek elkarreratzea egin dute gaur presondegiko atarian, lan baldintza duinak langile guztientzat eskatzeko.

ELAk salatzen du espetxeetako egoera jasanezina eta onartezina dela. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez dio kasurik egiten egoerari, eta ez die benetako arazoei heltzen. Esaterako, oraindik ere ez dakigu zein den Eusko Jaurlaritzak Espetxeen Zerbitzurako proposatzen duen antolaketa egitura, zenbat langile nahi dituen zerbitzu horretarako, ezta lanpostuak baloratzeko zein asmo duen ere. Gobernuak adabakiak besterik ez ditu ipintzen, gutxiengo sindikalarekin akordio partzialak eginez, benetako arazoei irtenbiderik eman gabe.

Hori dela eta, Zaballako langileek elkarreratzea egin dute gaur espetxearen atarian langile guztientzako lan baldintza duinak eskatzeko, eta Jaurlaritzaren jarrera salatzeko.

Horren aurrean, ELAk zera aldarrikatu du:

  • Lanpostuen zerrenda berehala egitea, birgizarteratzeko espetxe ereduarekin, zentroaren tamainarekin eta barneratuen populazioarekin bat etorriz.

  • Hutsik dauden lanpostu guztietarako EPE bat berehala deitzea.

  • Funtzionario guztientzat indarrean dagoen ordutegia mantentzea, lekualdatze lehiaketatik datozenak edo transferituak izan. Lan berberak egiten dituzten pertsona guztiek lan baldintza berberak izan behar dituzte.

  • Espetxeetako lanaren berezitasunei egokitutako eskuliburuak dituzten lanpostuen balorazioa egitea, urte osoan eta eguneko 24 orduetan garatzen dena.

  • Oporrei eta egun libreei dagokienez, aitortuta dauden moduan, urte osoan hartu ahal izango dira.

ELA ez dago ados aparteko orduak egitearekin eta peoi sistemarekin. Horiek ez dira konponbide bat lantokietan dauden arazoentzat.