Jaurlaritzak onartutako 2007-2010 Enplegu-Planaren aurka

2007/07/25
ELAk Eusko Jaurlaritzak joan den astean onartutako 2007-2010 Enplegu-Planak laneko beharrei ez diela erantzuten salatu nahi du. Sindikatu honen ustez, planak ez ditu formakuntzaren alorrean dauden gabeziak konpontzen, besteak beste.

1-Enplegu eta formakuntza gaietan dagoen eskumen gabeziaz ez du aipamen txikienik ere egiten planak. Eskumenak geurean izatea beharrezko tresna da enplegu plana eraginkorra izan dadin. Erabaki garrantzitsuenak espainiar estatuan hartzen dira eta, urteetako eskumenen urraketa agerian delarik, Eusko Jaurlaritzak ez du inolako konfrontazio biderik ireki nahi izan estatuarekin bere enplegu plana garatzerakoan. Honela, egungo egoera ontzat emanaz, Eusko Jaurlaritzak espainiar estatuaren “delegatu” papera jokatzen duela EHEAn esan dezakegu.

2-Egun lan arazo larriena den prekarietatea alde batetara uzten du Enplegu Plan honek.

-Haatik, aldikako kontratazioaren ohikoena den iruzurrari aurre egiteko ez da konpromiso zehatzik hartzen. Horren ordez, bere erantzukizuna baztertu nahian, “praktika irregularren ikuskaritza eta kontrolak hobetzeko saiakera behar da ” esatera mugatzen da.

-Gero eta langile gehiagoren lan baldintza eskasien eta soldata maila urrien egoera aztertzeko ez da aipamenik ere egiten.

-Atal honekin loturik, onartezina deritzogu emakumezkoentzat zatikako kontratazioa hedatzeko planak erakusten duen asmoa; hain zuzen, prekarietatea dakarren bide hau zabaltzeko bidea erakusten baitu planak.

3-Plana, besteak beste, enpresei kontrataziorako dirua banatzeko politikara mugatzen da – enpleguan eragin baikorrik ez duen politika -, eta bestalde, enpresen emaitza-kontuak hobetzeko balio duen bidea sustatzen du soilik. ELA ez dator bat enplegu politika hauekin. Aldiz, espainiar gobernuak lan erreformen bidetik daraman politikarekin bat etorri den Eusko Jaurlaritzak politika atzerakoiak berretsi egin dituela deritzogu.