Jaurlaritzak uko egiten dio autogobernuari

2010/04/06
ELAk gogor kritikatu ditu enplegu-politika aktiboen esparruan Patxi Lopez lehendakariak berriki egin dituen adierazpenak. Eguerdian Bilbon egindako agerraldian Mikel Novalek eta Janire Dominguezek nabarmendu dutenez, Lehendakariaren hitzak oso larriak dira. Hau da ELAk aurkeztu duen agiria.

Enplegu-politika aktiboen esparruan, Patxi Lopez lehendakariak Autonomia Estatutuan xedatutako baldintzak betetzen ez dituen transferentzia onartzeko prest dagoela baieztatu du. Zehazki, adierazi berri duenez, bere gobernuak “kontzertu ekonomikoaren bidez gauzatu nahi du transferentzia, alegia, enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten partida guztiei %6,24 ospetsua aplikatuz, gizarte-segurantzarako kuotei dagozkienei izan ezik, horrek gizarte-segurantzaren kutxa bakarra haustea lekarkeelako, eta horrekin ez gaude ados”. ELAren iritziz:   

1. Erabaki politiko hori oso larria da. Eusko Jaurlaritzak, adierazpen horien bidez aitortzen duenaren arabera, Enplegu Politika Aktiboen transferentzia ez da guztiz egingo, eta behar beste diru-baliabide ere ez du izango. Informazio-gabezia handiegia da, transferentzia osoa zer den jakiteko. Transferitutako eskumenak, osoak izan daitezen, sarrerekin zein gastuekin loturiko eginkizun guztiak esleitu behar zaizkie. Enplegu-politika aktiboen finantzaketa (hau da, diru-sarrerak) prestakuntzara bideratutako gizarte-kotizazioetatik eta zergetatik dator. Beraz, transferentzia osorik eta Kontzertu Ekonomikoarekiko koherentziaz egingo bada, kotizaziook EAEn kudeatu behar dira, EAEn kotizazio horien bitartez biltzen dena bertan geratuko dela bermaturik.    

2. Eginkizunetako batzuei berariaz uko egitea osoko transferentziari uko egitea da. Utziera horrek Kontzertu Ekonomikoa errespetatu egingo delako baieztapenaren kontra jotzen du.  

3. Jorratutako edukiei eta lortutako aurreakordioei buruzko informazio- zein gardentasun-gabezia erabatekoa izan da orain arte, eta gaur egun ere bada. ELAk sarritan eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari prozesuaren inguruko informazioa eta parte hartzeko aukera, langileriarentzat garrantzi handiko gaia delako. Ez dugu erantzunik jaso.  

4. Jarrera eta erabaki horiek agerian uzten dute, ostera ere, Eusko Jaurlaritzaren asmoa zein den: EAEri gainerako autonomia-erkidegoei ematen zaien trataera bera ematea, alegia. Transferentzia, ondorioz, Espainiako Estatuan xedatutako politikak aplikatzeko baldintzaz egingo da. Era horretan, EAEk ez du politika horiei buruzko inolako erabakimenik izango. Horrek, halaber, Espainiako Estatua Europar Batasuneko langabezia-tasarik altuenetara eraman duten politikei men egitea dakar. ELAk berriro adierazten du enpleguaren gaineko eskumenek erabakitzeko ahalarekin batera etorri behar dutela, ezinbestez, Espainiako estatuan erabakitzen dena aplikatzeak ez baitu inolako aurrerapausorik ekarriko.    

ELAk berriro adierazi nahi du gai honen inguruko bere jarrera: 

- Enplegu-politika aktiboak (bitartekotza, orientazio, prestakuntza eta enplegu-sorrerarako programa eta neurrien multzoa) eta pasiboak (langabezia-prestazioak) batera transferitu behar dira.   

- Enpleguarekin zerikusia duten politikak EAEn erabaki eta kudeatu behar dira, Estatuan finkatutako ereduen menpe jarri beharrean.  

- Kontzertu Ekonomikoan zehaztutako irizpideak bete egin behar dira. Horretarako, halabeharrez, enplegu-politikekin loturiko diru-baliabideak (kuotak barne) euskal instituzioek kudeatu behar dituzte. Behar bezalako finantzaketari uko egitea onartezina da.  

ELAk, oraingoan ere, berretsi egiten ditu informazioa eman dakion eta transferentziarako hartu beharreko erabaki politikoen gainean kontsulta egin dakion  bere exijentzia eta eskubidea, Eusko Jaurlaritzak orain arte sistemaz bazter utzi dituenak, hain zuzen.