Jaurlaritzaren erasoei aurre egingo diegu

2008/04/22
Euskal sindikalismoak osasun ona duela azpimarratu du Jose Elorrietak 2008ko Maiatzaren Lehena dela eta ELAk antolatutako ekintzen aurkezpenean. “Jaurlaritzak enkarguz egindako ikerketa batek Euskal Autonomia Erkidegoan afiliazioa %29koa dela erakutsi du, Estatuan eta Europan dutena baino askoz handiagoa”. Jose Elorrieta Adolfo Muñozekin, idazkari nagusiaren albokoa, eta Janire Dominguezekin, osasun arloko arduraduna, agertu da kazetarien aurrean.

Azken urteetan bezala ELAk Bilbon ospatuko du Maiatzaren Lehena. Goizeko 11:30etan Elorrietak eta Muñozek hitz egingo dute Jesusen Bihotzaren Plazan egingo den mitinean. Ondoren Bilboko kale nagusiak zeharkatuko dituen manifestazioa abiatuko da. Arratsaldeko 14:30etan bazkaria izango da Barakaldoko BEC erakustazokan.

Elorrietaren esanetan Eusko Jaurlaritzak sindikatuen eta, bereziki gehiengo sindikalaren aurka jotzeko plangintza zehatza du. “Lehiaren Epaitegiak egindako salaketa pauso bat besterik ez da estrategia horretan eta aurrerantzean neurri gehiago etorriko dira”, azpimarratu du.

Bestalde, Adolfo Muñozek azaldu du ELA azken urteotan gai izan dela azpi-kontratazioari, soldaten eskala bikoitzari edota prekarietateari aurre egiteko negoziazio kolektiboa egokitzeko orduan. "Ugazabek eta administrazioek bat egiten dute langileen aurka jotzeko orduan", gaineratu du. Eta baieztapen horren harira Faustino Orbegozo zahar-etxeko greba eta Arteche enpresan gertatutako kaleratzeak ekarri ditu mahaira.