Jaurlaritzarentzat kontziliazioa ez da eskubidea
Gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agertzen ez bada ere, Eusko Jaurlaritzak ia ez du aipatzen artean 2014ko lehen hiruhilekoan bideraturiko laguntzen %37a kobratu gabe dagoela.
17 milioi euro inguru urtea bukatu baino lehen agortu egin dira, eta Eusko Jaurlaritzak ez du aurrekontu sail hori zabaltzeko asmorik. Kontrara, ez dago arazorik opor fiskalen isuna ordaintzeko, horretarako bai baitzegoen gordetako diru kopuru bat. Bestalde, gobernuak argudio legalari heltzen dio eta lan- eta famili-bizitza edota bizitza pertsonalaren arteko kontziliazioa ez du herritarren eskubide subjektibo bezala aitortzen, termino legaletara mugatuz. Haatik, badakigu esparru legalaz haratago eskari soziala kontrako norabidean doala.
Honelako erabaki politiko eta blindatze legalen aurrean badakigu erakundeen argudio ofizialak zeintzuk diren: “ez dago erremediorik”, “orain hau da tokatzen dena” eta “denok estutu behar dugu gerrikoa”, besteak beste. Hau guztia egungo egoera latzaren aurrean: langileen lan- eta bizi-baldintzen prekarizazioa, ongizate estatuaren desegitea eta oinarrizko eskubide sozialen salmenta.
Badirudi egungo gobernuaren politika soziala aurrekontuko kredituarekin batera agortzen dela, horrela politika publikoak merkatuen aginduen menpe gelditzen direlarik.
Hala, argi geratzen dira gobernu honen lehentasunak, agenda neoliberala betetzeko apustua lehenetsi egiten delarik. Adibidez, etengabe harrapatua egonez aurrekontua orekatzeko lanetan, kanpoko instantzietatik ezarrita datorren defiziten doikuntzan eta agendan.
Era honetako neurriekin, ustez pertsonak erdigunean kokatzen dituen eredu soziala kolokan jartzen da. Gure bizitzetan ekoizpen esparrua eta esparru erreproduktiboa uztartzeko zailtasun edo bateraezintasunak ez dira enpresa edo famili eremura soilik mugatzen. Errealitate honek sakoneko auziak planteatzen ditu denboren berrantolaketari dagokionez, lan merkatuaren berrantolaketari dagokionez, edota gizon eta emakumeen arteko egiturazko desberdintasun egoerari dagokionez, besteak beste.
Aurrekontuen defizita orekatzearen “premiaren” aurrean pertsonen ongizaterako beharrezkoak diren politika publikoen planifikazio estrategikoa alboratu egiten da. Gainera, sakondu egiten da lanaren banaketa sexualean, eta bide batez, beronek lan merkatuan dakarren emakume eta gizonen arteko segregazio egoeran.
Beraz, ELA sindikatutik azpiegitura sozial publiko eta integral bat sortzearen beharra aldarrikatzen dugu. Horretarako zerbitzu sozial publiko eta integralak eskatzen ditugu, norbanako aitatasun baja transferiezinak eta laguntza eta prestazio ekonomiko duinak.
Bai, guzti hau momentuko abagune honetan non egiturazko doikuntza planak eta eskubideen galerak nagusi diren. Eskubideen kultura baztertzeko arriskua daukagu, bere ordez merkatuak baldintzaturiko laguntzen kultura kokatuz.