Jose Elorrieta: "Alderdien mahaiak ezin du onartu beto eskubidea"

2006/02/20

ELAren idazkari nagusi Jose Elorrieta bat etorri da Ibarretxe lehendakariarekin normalizazio politikoa lortzeko bidean eratu nahi den alderdien mahaian "gehiengoaren" araua oinarria izan beharko lukeela adieraztean. "Egia da konponbideak iritzi eta jarrera guztiak kontutan izan behar dituela, baina inork ezin du jokatu bere oniritzirik gabe aurrerapausorik ezin eman daitekeenaren abantailarekin. Hori beto eskubidea onartzea litzateke, eta hori da PSEk bere azken dokumentuan eskatzen duena".

Elorrietak onartzen du egon daitezkeela alderdien arteko akordioak eurentzat onartezinak diren konponbideei estaldura ez emateko. "Hori euren aukera eta erantzunkizun politikoa izango litzateke, baina ezin da mahairen funtzionamendura eraman; bertan gehiengoen arau demokratikoa izan beharko litzateke oinarria".

Bestalde, ELAren idazkari nagusiak herritarren parte hartzearen garrantzia azpimarratu du, herri kontsultaren bidez, bai mahaian lortu daitezkeen akordioen azken oinarri demokratiko bezala edo mahai horretan egon daitezkeen traben konponbide bezala.