Jose Elorrieta, hauteskunde sindikalak direla eta

2002/09/05
Jose Elorrieta, hauteskunde sindikalak direla eta
Hauteskunde sindikalen garaia ELArentzat oso une onean iritsi da, 100.000 afiliatuen kopurua duela gutxi gainditu baitu. Jose Elorrieta idazkari nagusiak hauteskundeetan ELAk eman nahi duen mezua azaltzen digu. - Zein da ELAren mezua hauteskundeotan? - Langile bakoitzarekiko hurbiltasuna eta konpromisoa da gure mezua. ELAk sindikatua, egoitzak eta zerbitzuak helburu bat lortzeko asmoz antolatu ditu: lan egiten duen jendeak zor zaion errespetua eta baldintzak izan ditzan. - Baten batek dio sindikatuak beste garai bateko kontua direla... - Hori esaten dutenentzat justizia, pertsonekiko errespetua edota soldata duinak gaur egun zentzurik gabeak omen dira. Baina esplotazioak dirauen artean laguntza beharrezkoa gertatuko da, eta sindikatua, ezinbestekoa. Bestalde, ezin dugu jarraitu behargin guztiak lantegi handietan ari bailiran. Era eta tamaina guztietako enpresa eta kontratuak ezagutzen ditugu. Gure lana arazo eta egoera bakoitzari modu eragingarrian eta hurretik erantzutea da. - Azken urteotan lan baldintzen kaltetan doazen erreformak besterik ez ditugu ezagutu... - Baina okerrena zera da, erreforma horiek askotan estatuko sindikatuen babesa izan dutela. ELA eredu horren aurka dago. Gure lekua ez dago boterearen gerizpean, tailer, bulego, dendetan baizik... Hots, sindikatuaren beharra zinezkoa den tokietan. - Zer esango zenioke langile bati ELAren zerrendetan sar dadin? - Lehenik, merezi duela, besteen eta norberaren mesedetan egiten delako. Eta bigarrenik, sindikatu osoaren laguntza jasoko duela bere zereginean. Bereziki emakumeak animatu nahi ditut, garai batean sindikatuan euren papera ez baita hain handia izan, eta gazte jendea ere, gurekin bat egin dezan. ELA goitik behera ari da berritzen, eta lantokietan ere eskarmentu handia duen jendearekin batera gazteek urrats hori egitea eskertzekoa litzateke. - ELAk konpromisoari garrantzia ematen dio... - Arazoei aurre egiten ez dien sindikatuak ez du merezi. Horregatik negoziazio kolektiboan eta erreformen aurka borroka gogorra daramagu, eta gero eta arreta gehiago ematen diegu beste gai batzuei: etxebizitza, gizarte-zerbitzuak, fiskalitatea, globalizazio neoliberalaren aurkako lana... Jakina, gure herriarentzako konponbide demokratiko bat lortze aldera ere etengabe ari gara ahaleginetan. - Azkenik, zer espero duzu hauteskunde hauetatik? - Enpresetan sindikatuaren jarduera sakontzeko baliatzea, lan honi ordezkari berri askok, batik bat emakume eta gazteek, heltzea, eta noski, gure lanak ordain ona jaso dezala, emaitza hobeak lortzen ditugularik. * URRATS BERRIA (Editoriala. Astekaria 77. Berezia)