Elorrietak EAE-ANV legez kanporatzea salatu du

2008/09/16
Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiarentzat Auzitegi Gorenaren epaia, EAE-ANV alderdia legez kanpo jartzen duena, ez da inolaz ere ezustean etorri. “Mundu guztiak zekien idatzita zegoela; herri honetan inortxo ere ez du ustekabean harrapatu, hain larria eta demokraziaren aurkakoa izanagatik ere”

Hain zuzen, Elorrietak salatu egin du legez kanpo jarri dituzten erakundeek eta hauen kideek jasaten duten babesgabetasun egoera, baita modu honetako auzietan nabari den arbitrariotasuna.

Elorrietak Alderdien Legea indargabetzeko eskatu du, herri honetako gehiengo politikoak eta sozialak uko egiten baitio.Bere esanetan, herri hau baino ez zuten gogoan parlamentariek legea prestatu zutenean, eta herri hau baino ez dute gogoan Espainiako gobernuek aplikatzen dutenean. “Eskubideak dituzten milaka pertsonen adierazpen politikoa bertan behera uztea onartezina da demokrazian, batez ere hauteskunde-adierazpen honek ordezkatzen duen eremu sozio politikoaz, hainbat aldiz zilegiztaturik izan dena bozketetan, aipatzen dugunean ”.

Bestalde, “ingurune” doktrina erabiltzearen ondorioz sortu den egoera sozial eta politikoaren larritasuna azpimarratu du Elorrietak. Izan ere, euskal gatazkari izaera politikoa ukatzeko ez ezik, orain hainbat pertsona kondenatzen da, erakunde armatuko kide direlakoan, edo hari lagundu diotelakoan, eta egiatan bestelako kontuetan ari izan dira, besteak beste, ideiak zabaltzen, presoen eskubideak betearazten, torturak eta tratu txarrak salatzen, euskara sustatzen edo gizarte-mugimenduak, orokorrean, bultzatzen.

Elorrietaren iritziz, erabaki horiek guztiek argiro erakutsi digute espainiar estatuak ezin diola euskal gatazkari heldu, bide politikoetatik, behintzat; eta beraz, gero eta sinestuago gaude Estatuak nekez eskain dezakeela irtenbide demokratikorik.