Joseba Egibar patronalaren bozeramaile
2012/09/05
ELAren iritziz, Joseba Egibar, EAJko bozeramaileak, joan zen abuztuaren 31an Zarautzen eginiko adierazpenak onartezinak dira. “Bere hitzak agerian utzi dute patronalarekin eta politika neoliberalekin erabat ados dagoela”, adierazi du Joseba Villarreal, negoziazio kolektiboko arduradunak.
Izan ere, Joseba Egibarrek krisiari buruz hitz egitean esan zuen, “gure bizi-maila apaldu eta lana dutenek soldatak jaitsi beharko dituzte”.
“Hain argi hitz egitea eskertzekoa da, eta harritu egiten gaitu, areago kanpaina hasita dagoela eta boto bila dabilenean; haatik, harrigarri bezain beldurgarria da pentsatzea orain arteko politikari eusteak izango dituen eraginak. Egibar jaunak jakin beharra dauka soldatak jaitsita ondorio bakarra lortuko dela, langabezia gehitzea; hain zuzen, Hego Euskal Herrian 200.000tik gora pertsona dago lanik gabe: soldata apalagoek langabezia handitzen dute”, azpimarratu du ELAko arduradunak. Era berean, “deigarria da ere Egibarrek patronalaren tesi berberak bere egin eta haren bozeramaile bihurtzea”.