Juan Miguel Mendoza, ELAko militante historikoa eta 2000. urterarte zuzendaritzako kidea zendu da

2004/12/28

Juan Miguel Mendoza, hogei urtez ELAko buruzagi nabaria izandakoa 59 urterekin zendu da eritasun larri baten ondotik. Mendozak emaztea eta hiru seme zituen.

Zarautzen sortua jakinmin intelektual eta gizatasun handiko pertsona zen. Ikasketaz ekonomista eta merkataritzako peritua zen. Bere konpromiso sozial eta politikoa eta baita bizitzeko zuen gogo handia berarekin lan egin zuten ekonomista gazteengan islada izan du; belaunaldi honek gaur egun ELAko negoziazio kolektiboko bulegoa osatzen du hain zuzen ere.

Mendozak betidanik izan zuen mundu sindikalarekin lotura, ELArekin zehazki. Lanean Alfan hasi zen ikasketak egiten zituen bitartean. Handik eraikuntzako sektorera pasa zen, sindikatuan bete betean sartu zen arte. 70. hamarkadaren amaieratik Batzorde Eragileko kidea izan zen duela lau urte arte. Urte hauetan ardura ezberdinak izan zituen, besteak beste, Negoziazio Kolektiboa edota Politika Industriala. Lan Harremanen Kontseiluan enpleguaren akordioaren bultzatzailea izan zen, baita ordezkapen kontratuarena ere.

GEROAren aitzindarietako bat izan zen, Gipuzkoako Metaleko Gizarte Emendiotarako Borondatezko erakundea (EPSV). Denboraren poderioz erakunde hau beste sektoreetara zabalduz joan da. 2000. urtearen hasieran Elkarkidetza Gizarte Emendiotarako Erakundearen zuzendari-ordea izendatu zutenean Juan Miguel Mendozak ELAn zituen ardurak utzi zituen, ardura honekin jarraitu zuen gaixotasunagatik baja hartu behar izan zuen arte.

Juan Miguel Mendoza heriotzak itzal eta tristezi handia eragin du ELA osatzen dugun gizon eta emakumeongan. Bere lorpen propioengatik, gure erakundearen eta herrialde honetako langileen borrokaren historietako protagonista nabaria da.

ELAk omenaldi xumea egingo dio Juan Miguel Mendozari gaur abenduak 29, Zarautzen arratsaldeko 18:30etan egingo den hileta-elizkizunaren ondotik.

JUAN MIGUEL MENDOZA GOGOAN

Juan Migel Mendoza adiskidea joan zaigu. Gizon on batek utzi gaitu. Badakit Juan Migel hori baino gehiago ere bazela: buru argia, jakinduria entziklopedikoa zuena, euskal errealitatearen alderdi ezberdinak ongi aski ezagutzen zituena, euskal ekonomia eta enpresen ehunari inork baino erradiografia zehatzagoa egindako aditua, egoera zailenei ere irtenbidea emateko estrategiak bilatzen zekiena, langile porrokatua, gazte-gaztetandik bere herriarekiko eta langile-klasearekiko konpromisoa zuen militanteaÉ Hori dena izanik, guztiari balio berezia ezarri dio Juan Migelen gizatasunak, eskuzabaltasunak eta jendearekiko hurbiltasunak.

ELAk asko zor dio Juan Migel Mendozari. Garai ilunetan Pako Makazaga Zarauzko zaharraren eskutik Juan Olaskoaga ahantzezinarekin batera sindikatua berreraikitzeko lanari ekin zionetik, itzela izan da Juan Migelen ekarpena, bera izan baita ardura orokorretan bezala, lantegiz lantegi eta herriz herri garatutako lanean ELAren proiektuaren zutoin sendoenetarikoa. Azken urteak Elkarkidetzan eman ditu lanean, oso gertuko zuen alorrean, negoziazio kolektiboari lotutako aurreikuspen sistema osagarrien eremuan, alegia.Bestalde, bere ibilbide sindikalean zehar herri honi ere asko eman dio Mendozak, eta oso une latzetan, gainera.

Adibidez, inoiz ez dugu ahaztuko industria gainbehera zihoala, euskal gizarteak erabat zerbitzu-ekonomiara jo behar zuela esatea modan jarri zen hartan, Juan Migel Mendoza izan zela arinkeria hori salatzen lehena. Mendozak zioen legez, gure herriak etorkizunik izatekotan industriak ekonomiaren beste sektoreen oinarri gisa jarraitu behar zuen; hartara, ezinbestekoa irizten zion berrindustrializatze politika ekiteari. Denboraren joanarekin argi geratu da arrazoia zenbateraino izan zuen.

Mendoza, esan bezala, gizon xehea izan da, herrikoa, aukera hori propio egin zuelako. Ez zion bere klaseari inoiz uko egin, inoiz ez zituen herrian zituen sustraiak galdu. Burua datuz eta jakintzaz ondo hornituta eta oinak herri xehean bermatuta zituen. Behin entzun nion moduan, "badakit Euskal Herriko edozein herritan trago bat hartu eta mokadu bat egiteko lagunak topatuko ditudala; zer gehiago eska dezaket?".

Berak, hain maite izanik, gozatzen jakin izan duen bizitzak ez dio merezi zuen aukerarik eman; aldez aurretik kendu digu. Jaso beza, behintzat, dagoen lekuan dagoela, gure esker ona eta omena. Gure dolumina adierazi nahi diegu ere bidaia honetan hain bidaide kuttuna izan duen Maritxuri eta senitarteko guztiei.

German Kortabarria, ELAko Idazkari Nagusi Ordea