Juantxo Lopez Uralde eta gainontzeko kideren askatasuna

2010/01/05
ELAk salatu egin du eskubide urraketa dela duela 21 egun atxilotuta dauden Greenpeaceko lau kideen egoera; horien artean dago Juantxo Lopez de Uralde erakunde horretako espainiar Estatuko zuzendaria.

ELAren ustez Europako Batasuneko gobernuek, besteak beste Espainiakoak, salatu egin beharko lukete horrelako egoerak dakarren indefentsioa, 21 eguneko zigorra adina, afari ofizial batean era guztiz baketsuan pankarta bat erakusteagatik; bertan Greenpeacek lelo bat plazaratu zuen, “Politikariak mintzatu; liderrek, berriz, egin”.

Aldarrikapen ekintza honi emandako erantzuna guztiz neurrigabea da, eta Kopenhageko goi-bileraren garapenarekin bat dator, argi geratu baitzen EBan demokrazia gainbehera doala: bileran nor sartzen zen irizpide ideologikoen arabera erabakitzen zen; negoziaziorako prozedura; gehiegizko indar poliziala, eta justifikaziorik gabe milaka lagun atxilotzea goi-bilerako egunetan gauza normalak izan ziren. Gainera, hau guztia Europako gobernuen oniritziarekin gertatu zen, hauek ez baitute gertatutakoa inondik ere kritikatu.

Beraz, ELAk eskatzen du atxilotuak berehala aska ditzatela kargurik gabe, eta Zapateroren gobernuari dei egiten dio gertatutakoa sala dezan eta nazioartean atxilotuen askapenaren alde hedatu den deiadarrarekin bat egin dezan.