Arcelor Mittal

Justifikaziorik gabeko aldi baterako lan erregulazio berri bat ezarri du Lesakako eta Etxebarriko lantegietan

2023/04/14
Enpresak 14 urte darabamatza CCOO, UGT eta USO sindikatuek onartutako espedienteekin.

Arcelor Mittalen salbuespena normaltasun bihurtu da. Enplegua erregulatzeko espedienteak enpresek salbuespenez erabili behar dituzten koiunturazko tresnak dira, eta administrazioek bermatu behar dute diru publikoaren erabilera zuzena dela. Arcelor Mittalek, ordea, 2009tik ia etengabe aplikatu ditu halako espedienteak.

Kasu honetan, enpresak argudiatu du martxoaren 23an Gijongo labe garai batean izandako sutearen ondorioz sei lantokitako plantillak, Lesakako eta Etxebarriko lantegietakoak barne, langabeziara bidali behar izan dituela. Ohi bezala, CCOO, UGT eta USO sindikatuen sinadura izan du espedienteak; zuzendaritzaren planteamenduak babesteko beti prest.

Egoera horren aurrean, ELAk honako hau adierazi nahi du:

  • Aldi baterako lan erregulaziorako arrazoiak ez daude justifikatuta. Enpresak Etxebarriko eta Lesakako lantegiak materialez hornitzeko gai diren lantokiak ditu Europan. Beraz, Gijonen labe garai bat gelditzea ez da nahikoa espediente hori planteatzeko.
  • Arcelor Mittalen espediente gutxiago eta inbertsio gehiago behar dira, plan industrial eta kontratazio berriekin. Euskal Herriko lantegietko enplegu galera etengabea izaten ari da, eta txanda kontratua modu irregularrean erabiltzearen alde egin du, langile berriak hartu beharrean.

  • Gainera, Euskal Herriko lantegiak Asturiasen hartzen diren erabakien gero eta menpekoago dira. Errealitate horren aurrean, ELAk dei egiten die Iruñeko eta Gasteizko gobernuei enpresaren zuzendaritza bultzatzen ari den desindustrializazio prozesuaren aurre egin eta esku har dezaten.