Justizia eskura izatearen mugak

2012/11/15
Gobernu espainiarrak, Justiziaren Administrazioan zenbait tasa arautzen dituen Lege Proiektua onartu du. Berrikuntza garrantzitsua da bertan sartu duten tasa (hau da, prezio bat, ordaindu beharreko zenbateko finko bat, inolaz ere bueltatuko ez dena) baten aplikazioa, hain zuzen jurisdikzio sozialerako.

Proiektuaren arabera 550 euroko tasa jarriko zaie suplikazio helegiteei eta 750 euroko tasa kasaziozkoei. 

Tasen ezartzea eraso zuzena da justizia eskura izateari. Beste pausu bat da justizia diru sarrera jakin batzuk dituztenen esku soilik uzteko eta eskubide gabe uzteko gizarteko kolektibo kaltetuenak. Ahaldunek soilik errekurritu ahal izango dute, honela justiziaren zerbitzu publikoa murrizten delarik. Era honetan tutela judizial efektiboaren oinarrizko eskubidearen kontra doaz. Justiziaren paper babeskorra, botere harremanak orekatzeko funtzioa indartsuenek ahulenei bidezkoak ez diren baldintzak ez ezartzeko, kaltetua izango da neurri hauekin.

Beste alde batetik, tasak zergak dira, dirubilketara bideratuak (tasa berri hauekin gobernuak 140 milioi euro gehiago eskuratzeko asmoa du). Tasa hauekin erreforma ez da geratuko. Etorkizunean tasa berri gehiago jartzeko eta daudenen zenbatekoa igotzeko aurrerapausua da.

Azken erreformen ildo beretik (osasunera sarbidea mugatzearen antzera) gobernuak bide ekonomikora jotzen du, tasak ezarriz.

Gobernuak, berriz ere, Kongresuaren Plenoan eztabaida ekiditu du. Erreforma urgentziaz tramitatu dute, Kongresuko Komisio batean testua onartuz. Orain Senatura doa, gai honi bukaera era bizkorrean emateko eta gizarte eztabaida ekiditzeko, nahiz eta hainbat erakunde sozialen eta Justizian lan egiten dutenen ezezkoa dagoen.