"JUSTIZIA ETA ELKARTASUNA BESTELAKO NAFARROAREN OINARRI" MANIFESTAZIOA

2003/12/05

Abenduaren 12an, 19:00 etan
Lekua: Iruñeko autobus geltokia

Azaroaren 19an, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CGT eta EHNE sindikatuok, batzarra egin ondoren, Legebiltzarraren aurrean elkartu ginen, gure erkidegoko enpleguaren egoera eta Nafarroako gobernuaren politika antisoziala salatzeko. Abagune horretarako prestatutako agirian, enpresarien politika kritikatu egiten genuen, enplegu-erregulazioko espedienteez baliatzen baitira, enpleguaren mailaren eta kalitatearen pentzutan beren mozkinak ugaritzeko. Nafarroako gobernuak neoliberalismoaren alde egin duen apustuari ere ezin diogu oniritzirik eman, enpresentzako onurak areagotu, errenta handienen gaineko zergak txikiagotu eta gizarte- gastua gero eta gehiago murriztu besterik egiten ez duelako.

Aurtengo urtarriletik uztailera bitarte, 3.109 langileri eragiten dieten 74 erregulazio-espediente onartu dira: hau da, espedienteen kopuruak %68,2ko igoera izan du, eta kaltetutako langileen kopurua 6 aldiz handiagoa da. Horra hor TRW-Orkoyen, Dura Automotive, Logístika, Logex, Kayaba, ISN eta abar.

Oso enplegu-galera larria ekarri duten espedienteok argi erakusten dute enpresarien politika, batez ere multinazionalena: aukera guzti-guztiak aprobetxatzen dituzte lan-kostuak murrizteko eta mozkinak ugaritzeko. Era berean, agerian uzten dute Nafarroako ekonomiak enpresa transnazionalekiko duen menpetasun hazkorra, enpresa horiek lanpostuen behin-behinekotasuna, segurtasunik eza eta aldi baterako kontratuak areagotzen ari direlarik.

Horren aurrean, Nafarroako Gobernuak multinazionalen eta ugazaberiaren menpeko jarrerari eusten dio, pertsonen interesen kontra jotzen duela eta Nafarroako ekoizpen-ehunaren etorkizuna kolokan jartzen duela ondo jakin arren. Gobernuak ondo ezagutzen du enpresen benetako egoera, eta badaki gehien-gehienek mozkin handiak dauzkatela, baina, hala ere, dudarik egin gabe onartzen ditu aurkezten diren espediente guztiak.

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CGT eta EHNE sindikatuok salatu egiten dugu 2004rako aurrekontu-proiektuak aukeratu duen bidea, sektore publikoak ekonomian duen pisua murrizten segitzen baitu (2002ko Balio Erantsi Gordinaren %22,5etik 2004ko %21,4ra), gizarteak dituen premia larrietako asko estaltzeke utziz: etxebizitza, sanitatea, 0-3 urteko umeen hezkuntza, oinarrizko errenta, ingurumena, gizarte-zerbitzuak,...

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CGT eta EHNE sindikatuok erabat arbuiatzen dugu gobernuak, legebiltzarrean, PFEZri buruz onartu nahi duen erreforma berria, horren etekina sarrera handienak dituzten pertsonek bakarrik hartuko dutelako, zerga-iruzur eskerga baimentzen jarraitzen delarik eta horren protagonistak ere errenta handienak dira. Erreforma hori gure instituzioen politika bidegabe eta insolidarioaren beste froga bat da, eta, gainera, UGT eta CCOO sindikatuen eta CEN konfederazioaren abala du, 2007rako, PFEZren gehienezko tasa marjinala %40raino murriztea proposatzen zuen dokumentua sinatu zuten eta. Hala ere, UGT eta CCOO sindikatuei dagokienez inolako justifikaziorik ez duen jokabide hori, oso koherentea da sindikatuok enpresetan erakusten duten jarrerarekin: enpresek aurkezten dituzten erregulazio-espediente gehientsuak onartzen dituzte, Nafarroako gobernua enpleguaren arloan gauzatzen ari den ekintzetan lagunduz.

ALTERNATIBAK BADAUDE

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CGT eta EHNE sindikatuok ez gatoz bat eredu horrekin. Jakin badakigu behin-behinekotasunaren, lan-istripu gero eta ugarien eta osasun-galeraren pentzutan patrikak bete beste helbururik ez duten enpresari horiekin eta guztiz atzerakoia den gobernu honekin ez dagoela zereginik. Irtenbide bakarra sindikatuen aldarrikapenak enpresetan, sektoreetan eta gizarte osoan zabaltzea da. Bide bakarra borroka sindikala eta soziala da.

Orain, datorren urterako negoziazio kolektiboa prestatzen ari gara. Geure egiten dugu sindikatuari gizarte-indar alternatibo gisa dagokion eginkizuna; behin-behinekotasunaren eta soldata-eskala bikoitzen zigorra bortizkien jasaten duten kolektiboak batez ere, emakumeak eta gazteak sindikalismoa garatzeko bide alternatibo hori galda-tzen ari dira. Erantzukizunak ditugu, aukerak ditugu eta, batera lan eginez, honenbeste behar dugun eta ilusioa piztu dezakeen esparru sindikal eta soziala eratzen hasi ahalko gara.

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CGT eta EHNE sindikatuok egoera hau amaiarazi egin behar dela uste dugu, eta alternatibak baditugu:

* Enpleguaren alde eta behin-behinekotasunaren aurka borrokatzea eta enplegu- erregulazioko espedienteak errefusatzen dituzten langileei laguntzea.
* Nafarroako gobernuari sektore publikoan zein pribatuan lana sortuko duen eta aldi baterako kontratuak, behin-behinekotasuna eta azpikontratazioa errotik murriztuko dituen enplegu eta industri politika exijitzea.
* Onartu nahi duten PFEZren erreforma galaraztea; iruzur fiskala jazar dezaten galdatzea, eta gizarte-gastua (sanitatea, hezkuntza, etxebizitza, oinarrizko errenta, ingurumena, gizarte-zerbitzuak,...) nabarmenki areagotuko duten aurrekontuak aldarrikatzea.

Irizpide horietan oinarrituta, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CGT eta EHNE sindikatuok dei egiten dizuegu abenduaren 12an, 19:00etan, autobus geltokitik irtengo den manifestazioan parte hartzera.

ETORRI!

ELA LAB ESK STEE-EILAS CGT EHNE