Justiziako funtzionario titularrei 181 egun baino gehiagoko bajetan, soldata guztiz osatuko diete

2014/10/21
Orain dela bi urte, ELAk kanpaina bati ekin zion, 181 egunetik gorako aldi baterako ezintasunean dauden Justiziako funtzionario titularrei Sailak %100ean soldata osatzeko.

Badira urteak MUGEJUk osatzen ziela soldata 6 hilabetetik gorako bajetan zeuden funtzionarioei, berez estatu-izaerako osagarriak baino ez baitira sartzen. Azkenean, 2011ko otsailean Auzitegi Gorenak argitu zuen autonomietako lansari-osagarriak ez direla lotesleak MUGEJUrentzat, diru-sorospenak kalkulatzeko orduan. Eusko Jaurlaritzak orduan bere kontura hartu zuen diferentzia, baina 2012an erabaki zuen berak ere ez zuela soldata %100ean osatuko. Eta hori gutxi balitz bezala, 181 egunetik gorako bajetan zeuden titularrei ordura arte ordaindutako diferentzia horiek itzultzeko erreklamatu zizkien. Batzuetan milaka euroko diru-kopuruak ziren, eta egoera larriak sortu ziren funtzionario askorentzat, zuten gaixotasunarekin batera (minbizia, depresioak...) enplegu-emailearen zigorra jasan behar baitzuten.

Emakume bat eta gizon bat, biak afiliatuak, auzibidetik eramatea lortu genuen, eta azkenean hori izan da Sailaren zuzenketa ekarri duena. Lehenengo, Administrazioarekiko Auzietako Donostiako 1 zk.ko Epaitegiaren aldeko epaia; eta gero, epaiaren ondorioak hedatzeko eskaerak. Hori izan da azken kitoa Sailarentzat, eta ez du besterik izan zuzentzea baino, eta ELAri arrazoia ematea.