Kalera atera beharra dago

2009/03/13
“Aberastasuna banatu”lemapean ELAk prestatu duen kanpainaren barnean manifestazioak izan dira gaur Donostia, Bilbo eta Laudion. Aurretik, mila ordezkari baino gehiagok batzarrak burutu dituzte. Laudion izan da Adolfo Muñoz, idazkari nagusia.

Bere esanetan, xantaia da patronalak behin eta berriz langileon aurka egiten duena. “Krisia sorrarazten ari den beldurraz baliatzen ari dira lan baldintzen eta soldaten aurka gogor ekiteko. Itzela paradoxa: gobernuek, patronalak eta bankuek sortutako krisia langileok ordaintzea nahi dute”, azpimarratu du.

ELAn argi dugu ez dugula hori onartuk. inondik inora, adierazi du. “Patronala eta gobernuak lehengo lepotik burua jarraitzen dute. Betiko errezetak eskaintzen dizkigute, hots, krisia eragin duten errezetak: lanaren prekarizazioa, kapitalaren eta enpresarien errentak lehenestea langileon errenten kaltean, langileen kaleratzeak erraztea, lan eskubideetan atzera egitea”…

Bere hitzaldiaren beste une batean azaldu du patronala egungo egoera ekonomikotik etekinak eta onurak nola atera pentsatzen ari dela.” Xantaiaren bidez lan merkatua desarautu nahi dute, laneko aldarrikapenen aurrean euren posizioa hobetzeko. Noski, horretarako bidelagun ezin aproposagoa bilatu dute: gobernuak”.

Muñozen ustez, agerikoa da egungo ekonomia ereduak porrot egin duela. Ikusi nahi duen oro izan liteke horren jakitun, zioen. “Gurean, lehiakortasunaren izenen gobernuek prekarietatea bultzatu dute etengabe azken urteetan. Orain, argi gelditu da eredu hori patronalaren mesedetan eta langileon kaltetan zela. Euskal Herrian jasaten ari garen langabezia tasa Europako gainontzeko herrialdeena baina nabarmen handiagoa da. Zergatia, begi bistakoa da”.
”Zoritxarrez, ez dirudi gure administrazioak horretaz jabetu direnik. Edo, besterik gabe, ez dute jabetzeko inolako asmorik. EAEko zein Nafarroako Gobernuek 2009rako aurkeztu dituzten aurrekontuak aurreko urteetakoen ildo bera du, hau da, ekonomiaren hazkundea askoz ere handiagoa zen garaietakoa. Ezinbestekoa da zerga politika goitik behera aldatzea. Enpresariek, gobernuen oniritziarekin, aspaldi erabaki zuten ez zutela zergak ordaintzeko asmorik. Bien bitartean, etengabe jasotzen dituzten diru laguntza publikoak musu-truk, ordainean ezer eskaini gabe”.
Egoera gogorra dela oso eta azken urteetan pobreziaren mugaz azpitik bizi direnen kopurua izugarri handitu dela Euskal Herrian, azaldu du. Bien bitartean, gure gobernuek izugarrizko superabitak zituzten aurrekontuak aurkezten zizkiguten harro-harro.” Jendeak ezin jan, eta, bitartean, diru-kutxak diruz gainezko”.  
ELAk argi du honek guztiak erantzun bat eskatzen duela. Horretarako balio du, besteak beste, ekainaren 12a bitartean aberastasunaren banaketaren inguruan egingo dugun kanpaina. “Kalera ateratzeko ordua da, kalea berreskuratzeko. Beraz, badakigu: denok kalera”, esanez amaitu du.