Kalera irtetzeko aski arrazoi dago

2011/05/19
ELAk ongi irizten die demokrazia gehiago eta egungo politikak aldatzea eskatzen duten mobilizazioei. Bat gatoz demokrazia lau urtean behin bozkatzea baino zerbait gehiago izan behar dela.

ELAk gaineratu nahi du oinarrizko adostasuna dagoela alderdi politiko nagusien artean (EAJ, PSOE, PP eta UPN) politika neoliberalak ezartzerakoan, eta horiek prekarietatea bultzatzen dute, herritar gehienak txirotzen dituzte eta enpresa handien zein banketxeen esanetara daude.
ELAren aburuz mobilizatzea da jasaten ari garen erasoak geldi arazteko era bakarra; benetako demokrazia eta aldaketa exijitu behar dugu, lan-, gizarte-, zerga- eta aurrekontu-politiketan. Horixe da, hain zuzen, euskal gehiengo sindikala garatzen ari den agenda.
ELAk bere babesa adierazi nahi die mugimendu honen aldarrikapenei, eta pozgarria ikusten du jende askok, batik bat gazteek, mobilizazioetan parte hartzea. Gazte jendeak, beste kolektibo batzuk bezala, badu aski arrazoi etsipenean ez militatzeko.
Azkenik, ELAk nabarmendu nahi du prozesuok ikusmolde elektoral hutsetik aztertzen dituztenen hipokrisia. Nolanahi ere beren ardura saihesten dute, eurekin zerikusirik ez bailuan. Hego Euskal Herrian agintzen dutenek osasuneko, hezkuntzako eta etxebizitzako gastua murriztu dute; gizarte-prestazioak jasotzen dituztenak gaizkile gisa aurkezten dituzte; administrazioan lan egiten dutenen soldata jaitsi dute; enpresen eta kapitalaren mesederako politika fiskala egiten dute, edota enpresa handiak nagusi diren aholku-kontseiluak eratzen dituzte...
Horixe da zinez “ezkutuko eskua”, botere ekonomikoarena, agintari politikoak menpean dauzkana. Kapitalak politika bere agindura makurrarazten du, eta jende arruntak, bere burua babesik gabe ikusten duenez, politika gehiengoaren esanetara egotea nahi du.