Euskalduna Jauregia
Kaleratutako langileei babesa emateko manifestazioa egin da

Kale gorrian utzi ditu lau langile Euskalduna Jauregiak azpikontratatu berri duen OnlyParking enpresak, nahiz eta plantilla osoa subrogatzea zen adjudikazioa lortzeko baldintzetako bat. Bi langile kaleratu ditu eta beste bi subrogatu barik utzi ditu. Horien ordez, hiru langile berri kontratatu ditu, aurreko lauen lana egiteko, baina lan baldintza txarragoekin. Enpresako akordioa aplikatu beharrean, meharragoa den estatu espainiarreko hitzarmena aplikatu diete.
Demanda jarri du dagoeneko ELA sindikatuak, kaleratzeen eta subrogazio-ezen nulotasuna eskatuz. Horrekin batera, manifestazioa egin dute gaur eguerdian sindikatuko delegatuek Indautxuko Jesuitetik Euskalduna Jauregiraino.
OnlyParking enpresari soilik ez, Euskalduna Jauregiari eta Bizkaiko Foru Aldundiari leporatu dio ardura ELAk. Diru publikoarekin kudeatutakoa baita Euskalduna, eta jauregiak berak azpikontratatu zuelako OnlyParking.
Epailearen erabakiaren zain, ELAk esan du mobilizazioekin jarraituko duela langileek beren lana berreskuratu arte.