Kaleratzeak AERNNOVAk Berantevillan duen lantegian

2015/10/29
Kaleratzeak AERNNOVAk Berantevillan duen lantegian
AERNNOVA multinazionalak jakitera eman zuen atzo langileen kaleratze kolektibo bat egiteko asmoa duela, Berantevillako lantegian. Langileen batzordearen esanetan, enpresa hori erabat bideragarria da, ez baitu diru-arazorik, ezta ekoizpen-arazorik ere. Gaur goizean elkarretaratze bat egingo dute langileek, Arabako Batzar Nagusien aurrean.

Langileen Btzodearen agiria:

Urriaren 28an AERNNOVA multinazionalak jakitera eman du, aurre-abisu baten bidez, langileen kaleratze kolektibo bat egiteko asmoa duela, Berantevillako lantegian. Enpresa hori erabat bideragarria da, ez baitu diru-arazorik, ezta ekoizpen-arazorik ere. Oraingo honetan ere agerian geratzen dira lan-erreformak enpresei emandako abantailak, horiei esker enpresek irabaziak ugaltzen dituzte, gure eskubideen eta lanpostuen kontura.

Enpresak emandako lehen argibideak entzun eta berehala, Batzordeak adierazi du ez duela xantaiarik onartuko, ez dela onargarria 130 eta 150 lanpostu bitartean desagertzea Berantevillatik, ez eta lanpostu horietako langileak kale gorrian uztea ere.

Batzordean sinetsita gaude hemendik aurrera bide latza izango dugula, eta hor erabakigarriak izango dira gure indarra eta gure irmotasuna.

Horregatik, Batzordean gure esku dauden baliabide guztiak erabiliko ditugu Berantevillako lantegiko lanpostu guztiak salbatzeko.

Bide batez, Eusko Jaurlaritzari eta gainerako erakundeei eskatzen diegu gertakari honen aurrean jarrera bat har dezaten, eta Berantevillako AERNNOVA lantegiko enpleguari eusten lagundu dezaten.

Neka-neka eginda gaude egunero entzuten erabat kezkaturik daudela gure herriaren zartada den langabeziagatik. Oraintxe dute aukera paregabea esaten dutena ez direla hitz hutsalak frogatzeko.