Bizkaiko erresidentzietako langileek akelarrea eszenifikatu dute kalitatezko arreta eta lan baldintzak eskatzeko

2022/06/23
Gaur eta bihar ELAk greba deitu du Bizkaiko erresidentzietan, guztira seigarren eta zazpigarren greba egunak izango dira. Aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: langile gehiago eskatzea, kalitatezko arreta ahalbidetuko duten ratioak bermatzeko, bajak lehen egunetik estaltzeko, erosteko ahalmena bermatzeko eta enpleguan egonkortasun handiagoa izateko, besteak beste.

Langileek manifestazioa egin dute gaur, Bilbon. 11:00etan Deustuko zubitik Ugaskoko Gizarte Ongizateko egoitzaraino abiatu dira. Bertan akelarre bat eszenifikatu dute “beren lan baldintzetan hobekuntzak eta zaintza ereduaren benetako aldaketa defendatzen dituzten Bizkaiko erresidentzietako sorginak sutara botatzeko”.

Bihar, ekainak 24, 11:30etan manifestazioa egingo da Arriagatik CEBEKek Kale Nagusian duen egoitzaraino.

ELAk sektoreko langile guztiak mobilizatzen jarraitzera animatu ditu, langileen, senideen eta egoiliarren onurarako eta lan baldintzak hobetuko dituen eredu publiko baten alde.