Kapitalismoa ezin da aldatu, aurre egin behar zaio #G7EZ

2019/06/12
Munduko ekonomia kapitalista boteretsuenak biltzen dituen G7 taldeak bilera egingo du abuztuaren 24tik 26ra bitartean Miarritzen. Egun horietan mundua nola jarraitu gobernatzen eztabaidatuko dute, betiere kapitalismoaren interesen mesedetan. Goi bilera horren aurka garatzen ari diren sentsibilizazio kanpainaren baitan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eta Kapitalari Planto! ekimenek mobilizazio eguna deitu dute.

Ekitaldi nagusia Hendaian egin da. Lehendabizi hitzaldi bat egongo da Antoine d’ Abbadie Auditoriumean; bertan Cuca Hernández (ATTAC) eta Gonzalo Fernández (OMAL) mintzatu dira. Hernándezek G7 goi-bileraren benetako asmoak salatu ditu. “Hitz eder eta politak salduko dituzte, baina gero benetan gertatuko dena oso bestelako da: neoliberalismoaren bidez jendartea ondasun publikoetatik desjabetzea, zerbitzu publikoen pribatizatzea, aberastasunaren banaketa geroz eta bidegabeagoa...” Fernándezek berriz, argi utzi du konfrontazioaren beharra. “Kapitalismoa ezin da eraldatu. Aurre egin behar diogu bestelako eredu bat aurrera eraman nahi badugu”.