Euskal Herriko *Emakumeon Mundu Martxa
Karabana batek Euskal Herria zeharkatu du herrien subiranotasuna eta bizitza duinak aldarrikatzeko

`Herrien burujabetza eta Bizitza Duinak, Gerra eta Kapitalismoaren kontra´ lelopean, karabana feministarekin bat egin zuten ELAko hainbat kidek. Politika migratorioak ez ezik, indarkeria matxistak, kapitalismoaren ondorioak eta gerrak salatu zituzten.
Bost urtean behin gauzatzen den nazioarteko ekintzaren bitartez oraindik ere, beste jendarte eredu baten alde borrokan jarraitzeko beharra azaleratu zuten, non emakumeak* eta egoera zaurgarrian dauden bestelako pertsonak izan ohi diren kaltetuenak; izan ere, sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialista horrek askotariko indarkeriak baliatzen ditu aurrera egiteko funtsezko tresna gisa.
Zentzu horretan, egitura guzti hauek erreproduzitzen dituzten instituzioak interpelatu dituzte, borondate politikoa eta neurriak har ditzaten exijituz, baita gizonei ere dagokien ardura har dezaten sistema hau iraultzeari dagokionez.
Ekintzak jarraipena izango du ekainaren 13 eta 14an Marsellan egingo den topaketan. ELAk ere parte hartuko du, Euskal Herriko mugimendu feministako beste kide batzuekin batera.