Karmelo Merinoren "La Huelga" liburuaren aurkezpena, Manu Robles-Arangiz Fundazioaren eskutik

2006/06/12

Manu Robles-Arangiz Institutua Fundazioak Karmelo Merinoren (Donostia, 1957) "La huelga" izeneko liburua argitaratu du. Gaur goizeko liburuaren aurkezpenean Merinorekin batera parte hartu dute German Kortabarria ELAko idazkari nagusiaren ondokoak, Alazne Alonso zerbitzu juridikoetako arduradunak eta Fernando Iraeta Robles-Arangiz fundazioko zuzendariak. Egileak lehenik ELAn INEMeko ordezkari legez liberatuta jardun zuen, eta 1996tik hona zerbitzu juridikoetan ari izan da lanean.

Sindikatuko ibilbide oparo honetan bildu dituen esperientzia eta gogoetekin osatu du Karmelo Merinok grebari buruzko informazio baliagarria. Behar handiko lana da, izan ere, lan-legeria ez baita dagoeneko erabateko bermea langileen eskubideentzat. "Halere esan du egileak, greba sasoiko dago eta eskubideen aldeko borrokan tresna erabilgarria dugu".

Hain zuzen, German Kortabarriak aipatu duenez, "greba funtsezko zerbait da borrokareko prest dagoen sindikalismoarentzat. Greba gaur egungo lanabes bat da, eta errebindikaziorako prest dagoen klase-sindikalismo bat badela frogatzen du; beronen helburua aberastasuna hobeto banatzea eta ugazaben inposizioei aurre egitea da". Kortabarriaren ustez, "gainbehera legalaren eta herri-administrazioek nahiz enpresaburuek gero eta gogotsuago ezarri nahi dituzten oztopoen helburua (zerbitzu minimoak, halabeharrez onartzeko laudoak, grebak legez kanpo uzteko ahalegina...) langile-klasearen oinarrizko eskubideak galaraztea da, eta honen tresnarik eragingarriena greba da oraindik".

Alazne Alonsoren arabera, langileek eta beren ordezkariek legeak eta prozedura administratiboak ongi ezagutu behar dituzte lan-gatazketan ezustekorik gerta ez dadin. Horregatik, Alonsok azaldu duenez, lan honetan auziaren alderdi oro jorratzen da: gatazka kolektibo era ezberdinak, grebari buruzko legeria, legez kanpokoa noiz izan daitekeen, gehiegizko greba, greba- batzordea, funtsezko zerbitzuetan zer gertatzen den, gatazken ondorioak.... Manu Robles-Arangiz fundazioko zuzendariarentzat liburu hau oso interesgarria da, eta ekintza sindikalean gaur-gaurko gaia aztertzen du. Izan ere, honela dio Merinok Otto Kahn-Freund legegizonari hartu dion esaldi batek: kapitalaren eta lanaren arteko gatazka gizarte industrialarekin lotuta dago, eta beraz, lan-harremanekin.