Kataluniako herria zoriondu nahi du ELAk

2013/12/16
ELAk, pozarren, zorionak ematen dizkio Kataluniako herriari, hango indar politiko gehienek datorren urteko azaroaren 9an kontsulta bat egiteko eta erabakitzeko eskubidea erabiltzeko lortu duten akordioagatik.

Deialdia egiteko akordio hori erantzun egoki bakarra da, estatu espainoleko erakundeek eta gobernuak Katalunia nazio gisa onartzeari eta estatuan duen estatus politikoa berraztertzeari eman izan dioten etengabeko ezetzaren aurrean. Estatut-aren izapidetze etsigarriaren ostean, eta Kataluniako finantza-arazoei irtenbidea bilatzeari ezetzaren ondotik, indar politikoek zorionez gainditu ahal izan dute egoera itogarria.

Gure ustez katalanek zuzen interpretatu dute inmobilismo espainiarraren izaera eta helburua, hots, aldebakartasuna eta Espainia bat eta era berekoa. Horregatik ELAn harritu egiten gara ikustean gure herrian zenbaitek estatuarekin alde biko akordioa lortu behar dela aldarrikatzen jarraitzen dutela.

ELAren iritziz Kataluniako prozesuak aurrera egin badu, besteak beste, oso gizarte zibil eragile baten bultzadari esker izan da. Izan ere, batetik, indar politikoen agenden edukiak eta denborak aipaturiko bultzadaren eraginpean aldatu behar izan dira, hasiera bateko helmugak gaindituz; eta bestetik, antolakunde sozial horiek hainbat urtetan lan pedagogiko eta mobilizatzailea egin izan dute, eta horren ondorioz gaur egun independentziaren eskakizuna gizarteko talde zabaletan sakon errotu da.

ELAk jakin badaki euskal prozesu nazionalaren egituratzea ez dela zertan izan Kataluniakoa bezalakoa, hango eta hemengo ezaugarriak —sozialak, politikoak, lurraldekoak, kulturalak...— desberdinak baitira. Dena dela, gorago aipaturiko gai batzuk, besteak beste, estatu espainola gaur egun zertan den zuzen ulertzea, gizarte-dinamika, akordioak egiteko gaitasuna, eta kontsulta bera ere erreferentzia saihestezinak dira nazio-askatasuneko edozein prozesutan. ELAren aburuz estatuarekin balizko akordio bat lortzeko aldarria erakusten jarraitzeak ez du zentzurik, kontuan izanda azken garai hauetan Madrilek inboluzioa baino ez dakarrela, arlo guztietan, baina bereziki autogobernuaren arloan.