nazioarteko harremanak

KESKen 11. kongresura gonbidatutako nazioarteko ordezkaritzaren parte izan da ELA

2024/01/19
KESK Turkiako konfederazio sindikala da, langile publikoen hamaika sindikatu barneratzen dituena. 240.000 afiliatu ingururekin, Turkiako konfederazio handienetarikoa da. Kongresua Ankaran ospatzen ari da, urtarrilaren 19 eta 21a bitartean, “Struggle from past to present. Time to struggle more!” lelopean (“Borrokan iraganetik gaur arte. Gehiago borrokatzeko garaia da!”). 500 delegatu baino gehiagok parte hartu dute Kongresuan eta nazioarteko ordezkaritza garrantzitsu bat ere izan da bertan.

Kongresuaren irekieran omenaldia egin zaie 2023ko otsaileko lurrikaren biktimei. Gogoratu lurrikara haiek 50.000 hildako eta 120.000 zauritutik gora eragin zituztela Turkian. Sukran Kablan Yesil KESK-eko Lehendakarikideak azpimarratu du milaka hildako eta zauritu saihestu zitezkeela, Turkiako gobernuak ez balu aurreko hilabete eta urteetan zerbitzu publikoen murrizketa eta pribatizazio kanpaina bortitza egikarituko.

Bestalde, kongresu osoan zehar presentzia berezia izan dute Turkiako gobernuak atxilotu zituen KESK-eko ia-20 kideek. Azken giltzapetuak 2 urte eta gero, 2023an askatu badituzte ere, prozesu judizial gogorrak dituzte oraindik martxan haien aurka, Erdoganen Gobernuak terrorismo karguak egozten dizkielarik ekintza sindikal legitimo eta arrunta egikaritzaren ondorioz.

Kongresu honetan adostu eta zehaztuko ditu KESK-ek datozen urteetan bere jarduna definituko duten gidalerroak. Gidalerro horietan zutabe nagusietakoak murrizketen eta pribatizazioen aurkako borroka eta gobernuaren errepresio sindikalaren aurkako borroka izango dira.

Bestalde, KESKen kongresuak babes berezia eman nahi izan die nazioartean gerraren ondorioak pairatzen ari diren langile guztiei, aipamen berezia egin zaielarik Ukrania, Yemen, Iran eta Palestinako langile klaseari.

ELAk ere interbentzio propioa izan du kongresuan. Gure elkartasuna helarazi diegu bizi dituzten garai latz hauetan, eta sindikatuan orokorrean, baina zerbitzu publikoetan bereziki, martxan ditugun lan ildo nagusiak elkarbanatu ditugu haiekin.