KIROL KUDEAKETA

Kiroldegiko plantillarekin hartutako konpromisoa bete dezala eskatu dio ELAk Durangoko Udalari

2023/11/16
2023ko otsailaren 13an, Durangoko kiroldegiko azpikontratatutako plantillak greba mugagabea deitu zuen, pairatzen ari ziren prekarietateari aurre egiteko eta plegu berriek okerrera egin zutela salatzeko.

Zortzi hilabeteko grebaren ondoren, 2023ko gainerako hilabeteetarako akordioa lortu zen enpresekin, eta 2024ko pleguetarako konpromiso politikoa. Egungo udal taldeak "egungo eta etorkizuneko zerbitzua zabaltzeko eta hobetzeko" konpromisoa hartu zuen, bai Durango Kirolak-eko ezohiko batzar batean, bai uztaileko eta iraileko hainbat prentsa oharretan. Konpromiso horretaz gain, sindikatuekin komunikazio emankorra izatearen alde ere agertu zen, etorkizuneko lizitazioetan gatazkak eta akatsak saihesteko.

Bada, konpromisoaz gain, udalak ez du plantillarekin komunikatzeko benetako asmorik erakutsi. Urriaren 30ean argitaratutako lizitazio berrian, udalak berriz ere zerbitzua loteetan banatzea erabaki du, hau da, langileak zatituta. Fitneseko monitoreak lote batean sartuko dira lehiaketa berri horretan, eta jarduera gidatuetako monitoreak beste lote batean. Kiroldegiak hiru lanaldi oso baino ez dituela kontuan hartuta, zerbitzua zatitzeak are gehiago sakonduko du langileek bizi duten partzialtasuna, zerbitzuaren kudeaketa prekarizatuz eta zailduz.

Horrekin guztiarekin batera, Zerbitzuaren Kontrol Batzordea oraindik ez da bildu. Batzorde horren zeregina zen konpromisoa agiri arautzailea betetzen dela behatzea, eta zerbitzua gainbegiratzen dela zaintzea, baina gaur egun hori ere ez da bete.

Horregatik, ELAk gobernu taldeari eskatu dio Durangoko langile eta herritarrek merezi duten zerbitzua hobetzeko hitzarmena betetzea.