Klima-aldaketa ezin da mugimendu sindikalaren agendatik kanpo geratu
Muñozen hitzetan klima-aldaketa errealitate bat da. "Joan den abuztua 137 urtetik hona ezagutu den hilabeterik beroena izan da; tenperaturak erregistratzen direnetik, alegia. Aldaketa hori hasi da, eta gizakiaren ekintzak eragiten du; ondorioak atzeraezinak dira. Arazo honen neurria sistemikoa da, eta berari aurre egiteko modu guztiz berria beharrezkoa da. Klima-aldaketa ezin da mugimendu sindikalaren agendatik kanpo geratu", azpimarratu zuen.
Muñozek "Enplegu berdeen propsamena ekarri zuen gogora. Izan ere, ELAK egindako ikerketak 106.400 lanpostu aurreikusten ditu arlo honetan. ELAk egindako ikerketan batik bat jendarteak behar dituen eta ingurumenaren ikuspuntutik iraunkorrak diren jarduerak aztertu ditugu. Begibistakoa da trantsizio honetan jarduera batzuk asko murriztu beharko direla eta erabaki horiek enpleguan eragina izango dutela. Hor kokatzen dugu trantsizio justuaren kontzeptua eta sindikatuak egindako ikerketa.
Bestalde, ezker politikoa Europan “borondate krisi” larri batean sartuta dagoela adierazi zuen. "Nahi baduzu bide bati jarraitzen diozu. Borondaterik ez bada, ordea, sistemak jartzen duen lehen oztopoarekin estropoz egingo duzu. Aldaketa politiko eta soziala erakundeetara iristea baino askoz gehiago da. Aldaketa politiko eta soziala izango bada haren aldekoek ezin dituzte eraldatze sozialaren ardatz nagusiak alde batera utzi. Helburua ez da iristea, aldaketa bera baizik. Neoliberalismoari aurre egin behar zaio, oposizio gisa; oposizio izateko borondatea adierazi behar da", esan zuen.