Kongresu gutxiago, neurri gehiago lan istripuen aurka

2010/02/19
Urtarrilaren 17an, Osalanek eta Eusko Jaurlaritzak deituta, eraikuntzako lan-arriskuen prebentzioari buruzko Estatu mailako kongresua egin zen Donostiako Kursaalean. ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak elkarretaratu ziren egun berean.

Lan osasun eta segurtasun arduradun Janire Dominguezen ustez Donostiako ekitaldiak eraikuntza sektoreko benetako beharrizanak ahaztu zituen. "Publizitate ekintza hutsa izan zen, edurik gabekoa. Hori bai, propaganda besterik ez zen ekitaldi horretan 400.000 euro xahutu zituzten. Noiz eta orain, langileok krisi latza pairatzen ari garen honetan eta administrazio publikoek gerrikoa estutu beharra dagoela dioten honetan. Hain zuzen ere, aitzakia hori baliatu dute aurtengo Osalanen aurrekontua %8 murrizteko.

Janire Dominguezek nabarmentzen duenez kongresuan ez ziren eraikuntzaren sektorean nagusi diren lan-baldintza txarrak aintzat hartu: aldi baterako kontratuak, azpi-kontratazio kateak, lan-erritmo gogorrak, aparteko orduak, lanak amaitzeko epe laburregiak, antolakuntza autoritarioa, hots, PREKARIETATEA, osasunaren kalterako egoera guztien, istripu eta gaixotasunen jatorria...

"Enpresa handien mesedetan egindako ekitaldia izan zen. Soilik mega-enpresak egon ziren ordezkatuta, ez Enpresa Txiki Ertainak. Ezin dugu ahaztu ETEak sektoreko %80 eta %90 bitartean direla, eta horietan gertatzen dira laneko istripu eta gaixotasun gehienak; enpresa hauetan ordain ahalik txikienaren truke egiten dira kontratuak, horrek prebentzio neurrietan eragina duen arren, obra-buruek langileak estutzen dituzte lehenbailehen bukatzeko, etab.".
Donostiakoa Hego Euskal Herrian ezarri nahi diguten estatuko ereduaren beste adibide bat izan zela dio ELAko lan osasun eta segurtasun arduradunak. "Kongresua hutsala izan zen, mamirik gabea. Madrildik inportatutako eredua ezarriz itxurazko irudi bat eman nahi dute, gezurrezko publizitatea egin, hots, benetan ezer egin gabe zerbait egiten dutelako mezua hedatu. Horregatik erabaki genuen bertan ez egotea".
Kongresuan gastatu zen dirutzarekin hamaika gauza egin zitezkeela uste du Dominguezek. Hainbat proposamen ere luzatzen ditu. "Gastatu den dirutzarekin obrak kontrolatzeko lan-ikuskatzaile gehiago jar liteke; Osalanen obrak ikuskatzeko pertsonala ere gehitu liteke, aholkulari lana egin dezaten edota laneko formula seguruagoak zein prebentzio eta babes neurri hobeak azter ditzaten..."
"Prebentziorako eta lan-harremanetarako eredua bertan erabaki behar dugu; unibertsala izan behar du, parte hartzean oinarritua eta kalitatezkoa; gure ereduan osasuna ez da ekonomiaren menpeko zerbait; aitzitik, osasuna benetako eskubidea dela aldarrikatzen dugu".