Kongresuan onartutako enplegu publikoaren legegaia ez da nahikoa Hego Euskal Herriko enplegu publikoa kontsolidatzeko

2021/12/02
Kongresuan onartutako enplegu publikoaren legegaia ez da nahikoa Hego Euskal Herriko enplegu publikoa kontsolidatzeko
Euskal Herriko alderdi politikoek onartu duten testuak autogobernua urratzen du, eta arriskuan jarri Hego Euskal Herriko 70.000tik gorako langile publikoren lanpostuak


Gaur Diputatuen Kongresuan aurrera atera da enplegu publikoan behin-behineko enplegua murrizteko premiazko neurrien legegaia (Iceta Legea delakoa). Testua, besteak beste, EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioari esker onartu da. Behin Kongresuan onartuta, testua Senatura bidaliko dute.
Zehazki, gaur onartutako testuak jasotzen ditu Ogasun eta Funtzio Publikoko Batzordean PSOEk, Unidas-Podemosek, ERCk eta EAJk adostutako zuzenketak. Duela bi aste ezagutu zen akordioa, eta ELAk adierazi zuen uztaileko Errege Lege Dekretua baino hobea izan arren, testua ez zela nahikoa. Izan ere, kontsolidazio prozesuetatik kanpo edo oso egoera zailean uzten baitzituen milaka langile osasungintzan eta hezkuntzan, hots, behin-behinekotasun handiko sektoreak: hemengo lanpostu asko estrukturalak izanagatik, ez daude etengabe beteta, eta hori bada kontsolidatzeko zuzenketetan jasotako baldintzetako bat, besteak beste.
Gaur aurrerapausuak emateko aukera galdu da, eta kontsolidaziorik gabe utzi dituzte milaka eta milaka langile publiko.
Bestalde, Euskal Herriko alderdi politikoek babestu dute Estatuak autogobernua urratzeko aukera, aldaketa egiteko sabai gisa onartzen baitute.
Horrenbestez, gurean enplegu publikoaren egoera dramatikoa den honetan %40tik gorako behin-behinekotasunarekin, ELAk honako hau eskatzen du, legea behin betiko onartzen den arte aldatu dadin:
1.- Gure herrian kontsolidazio prozesu garantistak egiteko oztopoak kendu.
2.- Kontsolidazio prozesu horietako deialdian jaso behar dira behin-behineko langileek betetako postu estruktural guztiak, baita formalki sortuta ez daudenak ere.
3.- Kontsolidazio prozesuok gauzatu behar dira meritu lehiaketa garantisten bidez, enplegua finkatze aldera.
4.- Lege aldaketak prozesu guztietan aplikatu behar dira, argitaratuta egonda zein ez.
5.- Mekanismo eragingarriak arautu behar dira egungo argazkia errepika dadin saihesteko.
ELAk erakunde guztietan borrokari eta mobilizazioari eutsiko dio EAEn eta Nafarroan70.000 langile publikoak kontsolidatu arte, pribatizazioari atea ixteko.