Konstituzioaren erreformak langabezia handitu eta babes soziala murriztearen aldeko politiketan eragina du

2011/09/02
ELAren iritziz, defizit publikoa mugatzeko egindako Konstituzioaren aldaketak politika neoliberalek suposatzen duten herritarren txirotasuna konstituzionalizatzea suposa lezake . Langabeziaren gorakadaren berri izan dugun egun berean, Madrileko Kongresuan erreforma hau onartu izanak gehiengo politikoa nabarian uzten du, eta enplegua zein bere kalitatea ez dagoela politikoen lehentasunen artean adierazten digu.

Erreforma honek zera dakar:

 

  1. Sektore publikoaren zeregina mugatzeak arlo sozialean murrizketa gehiago eta pribatizazioak ekarriko ditu. Murrizketa hauek hezkuntzan, osasungintzan, zerbitzu sozialetan, enplegu publikoan, eta abar izango du eragina. Gainera, ezin dugu ahaztu fiskaltasunaren alorrean aldaketa aurrerakoiak egiteko aukera baztertzen dela. Aldaketak egiteko orduan ezkutatu egiten da defizitaren eta zorraren jatorrian gastu sozialak ez dutela zerikusirik izan.
  2. Autogobernua bertan behera uztea garrantzizko arazoa da. Akordioak jasotzen du Erkidego  Autonomoetako defizita Barne Produktu Gordinaren % 0,14koa baino txikiagoa izan behar duela, eta Foru Aldundiek eta Udalek ezingo dutela muga hau gainditu. Erabaki hau orain indarrean ezarriko      balitz, ekonomiaren atzerakada are eta handiagoa litzateke, eta gizarte politiketan ondorio kaltegarriak izango lituzke. Estatuko  hitzarmenak (PSOE eta PPren artekoa) oinarri neoliberala du; ez du  inolako lotsarik, Konstituzioa erabiliz, erabakitzeko eskubidea      bereganatzeko.
  3. Demokrazia mespretxatu  egiten du. Hainbesteko garrantzia duen erreforma hau onartzeak,inolako babes sozialik gabe eta abuztuan geundela baliatuz, eskandalua da. Honen aurrean ere bestelako aukerak daude. Islandian      gertatu dena ikusi besterik ez dago. Herrialde horretan ez dituzte onartu merkatuek eta banketxeek eskatutako neurriak, eta  Konstituzioa aldatzeko partaidetza zabaleko batzarren bitartez prozesu ireki bat zabaldu dute.

 

Estatu mailan zenbait erakunde sindikalek deitu dituzten mobilizazioen aurrean, ELAk lehenik uste du sindikatu horiek murrizketa sozialei babesa ematen jarraitu behar duten ala ez zehaztu beharko luketela, hori baita egun egiten dutena “elkarrizketa soziala” deitzen duten horren eta pentsioen murrizketen bezalako akordioaren bitartez. Era berean, Europako Banku Zentralak soldaten moderaziorako deiaren inguruan duten jarrera ere argitu beharko lukete.