Kontratu Auzitegiak debekatu egin dio Nafarroako Gobernuari Conasako plantillari hitzarmen okerragoa ezartzea

2022/11/04
Ebazpenak arrazoia eman dio ELAri eta Administrazioaren euskarri informatikoa esleitzeko lehiaketa geldiarazi du

Nafarroako Kontratu Publikoen Auzitegiak Foru Administrazioaren euskarri informatikoaren mantenimendua esleitzeko lehiaketa publikoaren bi atal baliogabetu du, eta horrekin prozesu osoa geldiarazi du, ELAk eskatu bezala. Zehazki, auzitegi horrek debekatu egiten dio Nafarroako Gobernuari Conasako plantillaren zati bati lan-hitzarmen txikiagoa ezartzea. ELAk salatu zuen bezala, Nafarroako Gobernuak lehiaketaren plegua berregin du, kostuak merketzeko, beti ere lan-baldintzak prekarizatuz.

Conasak ekipo informatikoak saltzen eta mantentzen ditu, eta Nafarroako Gobernuak Administrazioaren euskarri informatikorako azpikontratatutako enpresa da. 170 langile inguru ditu (ELAko 6 ordezkari, UGTko 2 eta CCOOko 1), eta horietatik 53 duela hamarkada batzuetatik ari dira lan horretan. Jakina denez, langileek hainbat greba-egun egin dituzte egoera hori salatzeko.

2021eko urriko epai batean, Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion ELAri, eta legez kanpokotzat jo zuen 2019an Conasak 5 langile azpikontratatu izana Nafarroako Gobernuaren euskarri informatikorako, 5 pertsona horiei metalaren merkataritzakoa baino hitzarmen kolektibo txikiagoa aplikatzen zitzaielako (urtean 6.000 eta 9.000 euro artean gutxiago irabazten zuten). Gainera, Auzitegi Nagusiak argi utzi zuen zerbitzu horretan aplikatzeko hitzarmena metalaren merkataritzarena dela.