Kontrol alderdikoia bultzatzen du gaur onartutako Segurtasun Legeak

2012/06/28
Kontrol alderdikoia bultzatzen du gaur onartutako Segurtasun Legeak
ELAk PSOE-PSE eta PP alderkien aldeko botoekin Hiritarren Segurtasun Legearen onarpena salatzen du, Lege honek gizartearen gaineko kontrolaren aldeko apostua egiten du eta gizartearen gehiengoaren interesen aurka doa. Lege honen aurka, ELAk Ertzaintzan eta Udaltzaingoan dituen hainbat ordezkari elkarretaratu da gaur goizean Gasteizen.

 

Lege honek delituarekiko erreakzioan oinarritutako segurtasun eredua bultzatzen du, prebentzioan oinarritutako segurtasunaren analisi integrala egin beharrean. Edozein gizartean segurtasun arazoak zuzeneko harremana izaten dute hezkuntza arazoekin, gizarte bazterketarekin, pobreziarekin edo drogazaletasunarekin, ondorioz, segurtasun lege eraginkor batek eremu horiei guztiei aurre egin beharko lieke. Horrez gain, legeak gure gizarteak bizi duen egoera sozioekonomiko eta politikora egokitua egon beharko luke. Testuinguru horretan bereziki garrantzitsua da egoera ekonomikoak eta gizartearen pobretzeak segurtasunean duen eragina, lehentasunez landu beharko liratekeen gaiak hain zuzen ere.

Onartutako Legeak segurtasuna poliziaren ekintza hutsetik eta delituarekiko erantzun hutsetik egituratzen du, segurtatu beharreko lehenbizikoa oinarrizko eskubideak direla albo batera utzita. Horrez gain, lege honek poliziaren jardunaren kontrol alderdikoia handitzen du, horregatik erabaki guztiak Barnesailean zentralizatzen ditu poliziaren erabilera politikoa egin ahal izateko. ELArentzat larria da lege hau gizartearen protesta ekintzak kriminalizatzeko erabili ahal izatea, hain zuzen praktikan aurrera eramaten ari diren politika ekonomiko ezinokerragoen aurreko protestak.

ELAk pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurkako politikak oinarri izango dituen segurtasun politika integrala erreibindikatzen du, are gehiago, ELAk poliziak ezinbestean sistema horretan hurbileko eta prebentzio papera garrantzitsua joka dezala nahi du, hurbileko medioaren eta pertsonen ezagutzatik arazoak sortzea ekidingo duen segurtasuna.

Azkenik, ELAk segurtasun-ezarekin lotutako ekintza guztien gaineko kontrol soziala nahi du, alde batetik, sistemak gizartearen beharretara moldatzeko eta, bestetik, horren gai garrantzitsuetan gehiagikeriak ekiditeko eta, bide batez, kontrol egokiak eginez gero ondo burutzen diren ekintzen zilegitasuna ziurtatzeko.

Horregatik guztiagatik eskatzen dugu legeari buruzko eztabaida sakona berriz ere has dadila eta gizartearen oinarrizko eskubide guztiak ziurtatuko dituen legea lor dadin, bizitza duin eta oso batereako eskubidetik hasita.