Kontseilua, ELA eta LABek bilerak dituzte honetatik aurrera sindikatu, alderdi politiko, instituzio eta patronalarekin lantokietan euskara normalizatzeko lanbidearteko akordioaren berri emateko

2021/05/11
Kontseilua, ELA, eta LABek azaroan adierazi bezala, soilik enpresen %1 inguruk du lantokietan euskararen erabilera normalizatzeko plangintzaren bat martxan. Ondorioa argia da, lantokietan euskararen erabilera gizarteko beste esparru batzuetan baino txikiagoa da, herritar gehienek bertan beren bizitzaren parte garrantzitsu bat igaro arren.

Egun lanean hasten ari diren gazte gehienak euskaldunak izanik ere, ondoren ez dute euskaraz lan egiteko aukerarik. Kontseilua, ELA eta LABek enpresetan ere euskararen normalizazioan urratsak eman beharko liratekeela uste dute eta horregatik proposatu zieten patronalei normalizazio hori lantokiz lantoki negoziatzeko urratsak eman zitezela eta horretarako Lanbidearteko Akordio bat sinatu zezatela.

Azaroan 50 langiletik gorako enpresa guztietan Euskara Planak negoziatzeko proposamena publiko egin ondoren eta horretarako CEN eta CONFEBASKi Lanbidearteko Akordioa sinatzea proposatu, Kontseilua, ELA eta LABek beren proposamenaren xehetasunak emango dizkiete aste honetatik aurrera alderdi politiko, beste sindikatu, instituzio eta patronalari berari. Eragile guztiei proposamenarekiko atxikipena eta babesa eskatuko diete, denon artean langileek euskaraz lan egiteko eskubidean urratsak eman ditzagun.

Bide horretan, asteazken honetan CCOO sindikatuarekin bilduko dira, ostiralean Legebiltzarrean PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta EAJrekin, eta datorren astean EH-Bildurekin.