Kontsentsua ezin da aitzakia izan Nafarroan aldaketarako behar diren aurrekontuak ez egiteko
ELAk aurrekontu hauei egiten dien lehendabiziko kritika aurrekontu hauen eztabaida eta kudeaketan parte-hartze faltarena da. Parlamentuan ordezkaturik ez gauden hainbat eragile sozialek eta sindikalek ez dugu aukerarik izan parte hartzeko aurrekontu hauen eraketan (eman diguten aukera bakarra CESa izan da, eta oso mugatu da).
Nabarmentzekoa da, ELAren ustez, 2017ko aurrekontuak aurreikusten duten gastuaren handitzea, ekonomiak berak izango duena baino txikiagoa dela, hau da, arruekontuak 2016an BPGaren %20,7 suposatzen badu, 2017an %20,3 suposatuko du. Hau da, gastu publikoaren pisua gutxitu eginda ekonomiarekiko.
ELAren ustez aurrekontua hau Nafarroako hiritarrek dituzten behar sozialetatik oso urrun geratzen da (murrizketak ere ez dira gainditzen zenbait kasutan), eta Europarekiko batez besteko gastua Hezkuntzan eta Osasunean oso azpitik dago. Nafarroak 917,5 milioi gehiago gastatu beharko lituzke Osasunean eta 329,1 milioi euro gehiago Hezkuntzan Europar Batasunaren bataz bestekora iristeko. Aipatu beharra dago Hezkuntzara 2017an bideratuko dena 2010ean bideratu zena baino 33 milio euro gutxiago dela.
Sindikatuaren ustetan bi dira egoerari aurre egiteko jorratu beharreko gaiak, batetik zor publikoaren zama izugarria eta bestetik diru sarrerak handitzeko beharrezkoa den erreforma fiskala.
Nafarroako zor bizia % 335,8 handitu da 2008tik, 2016aren bigarren hiruhilean 3.783,9 milioi eurokoa izan arte. 2017an zor publikora eta itzalpeko bidesarira aurrekontuaren % 11,8a bideratuko da, 473 milioi euro. Beharrezkoa da zor publikoaren auditoretza herritarra egitea, premiazkoa da zorraren zilegitasunaren inguruko eztabaida, hala nola zorra bueltatzearen ingurokoa.
Nafarroako Gobernuak errenta altuen eta enpresen mesedetarako eginiko aurrekontu politika aldatzeari uko egin dio. Pasa den urtean onartutako erreforma fiskal eskasarekin (2016an 44,2 milioi euro gehiago biltzea aurreikusten zuen, Europar Batasunaren bataz bestekoarekiko aldea 1.800 milioi eurotakoa denean) Akordio Programatikoa bete dela dirudi. Ez da aldaketa sozialik izango ez bada fiskalitate injustu eta eskasa aldatzen.
Azkenik sindikatuak aldaketa sozialaren bidean behar bezain beste egiten ez duen eta zenbait sindikatu eta patronalei pribilegioak mantentzen dizkion aurrekontua onartzearen ardura politikoa ere nabarmendu nahi du. Ardura politiko hau ez da Gobernuarena bakarrik, Gobernua bera sostengatzen duten 4 partidu politikoena ere bada. Zentzu honetan, ELAk arduraz ikusten du 4 partiduen helburu nagusia kontsentsua izatea, aldaketa eraikitzeko beharrezkoak diren kritikak desagertuz.