Kontuen Ganbarak plazaratutako txostenak UGT, CCOO eta Nafarroako patronalak eskuratutako dirutzaren berri ematen du

2012/11/28
Kontuen Ganbarak txosten batean Nafarroako Enplegu Zerbitzua kudeatzeko moduari kargu hartu dio; hain zuzen, zerbitzu horretan hartzen dute parte UGTk, CCOOk eta CEN patronalak. Sindikatuei eta patronalari 2008 eta 2010 urteen artean 61tik gora milio euro banatu zaizkie, etengabeko prestakuntzarako laguntza gisa.

 

Txostenak bi kritika nagusi egiten ditu: batetik, laguntzak enplegua sortzeko eraginkorrak ote diren zalantzan jartzen du, eta bestetik, eredua aldatzea eskatzen du, izan ere, hiru erakunde horiek diru-laguntza publikoak beren buruari ematen dizkiete, ebazpena hartzerakoan epaile eta alderdi izanik.

ELAk duela hamabost urtetik hona Nafarroako elkarrizketa soziala iruzur bat dela salatu izan du, baita bere porrota ere. Sindikatu honek gogora arazten du Kontuen Ganbarak lehenago ere honelako txostenak argitaratu izan dituela, eta elkarrizketa sozialetik “enplegura” bideratutako sailetan beti aurkitu direla irregulartasunak, edota eredua bera zalantzan jarri du.

ELAk maiz ohartarazi du kontrol sistemarik ez dagoela dirutza publikoa Enplegu-Planetara eta antzekoetara bideratzen delarik; halaber, sindikatuak eskatu du Parlamentuak beha dezala funts horien erabilera.

ELAren irudiko oso larria da Nafarroako Gobernuak berebiziko garrantzia duen gaia, langileen prestakuntza, azpikontraten esku uztea, UGT, CCOO edo CENen esku alegia, hauen interes korporatiboek ez baitute zerikusirik prestakuntzarekin.

Langileen etengabeko prestakuntzak ardura eta kudeaketa publikoa eskatzen du, lanbide heziketaren moduan. Horregatik, ezinbestekoa da trebakuntza era hau ere sare publikoko ikastetxe arautuetan ematea.

Kontuen Ganbarak emandako txostenak berriro utzi ditu agerian Nafarroako elkarrizketa sozialak ezkutatzen dituen interesak: diru publikoa barra-barra banatzea. Horregatik, premiazkoa da elkarrizketa sozialeko eta lan harremanetako egungo eredua goitik behera errebisatzea, antzezpen hori behingoz amai dadin, zeinak bi helburu baititu: UPNren politika eta interesen mesedetan egotea eta patronalari bake soziala bermatzea, sindikalismo otzanari esker.

Azkenik, dio ELAk, sindikalismoaren lehentasuna, areago erreforma eta murrizketa garaiotan, erantzun kolektiboa indartzea izan behar da, eta hau egiteko modu bakarra dago: bitarteko eta ahalegin guztiak gauza baterako erabiliaz, langileak lantokietan antolatzeko.